Zortzigarrenez, Azpeitia Hiria Xake Txapelketa jokatu da asteburuan

Sanagustinpean. Partida azkarretara jokatu zen lehia./
Sanagustinpean. Partida azkarretara jokatu zen lehia.

Hamabost taldek hartu dute parte eta Santurtzi A izan da irabazlea, azpeitiarrak zortzigarrenak izan dira

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Azpeitiko Xake Elkarteak antolatuta, pasa den zapatu arratsaldean VIII. Azpeitia Hiria Xake Txapelketa jokatu zen Sanagustinpean. Euskal Herriko hainbat txoko desberdinetatik etorritako 15 taldek hartu zuten parte, hala nola, Azkoitia, Beasain, Zarautz, Bergara, Gasteiz edo Bizkaiatik. Partida azkarretara jokatu zen lehia, hau da, 5 minutu jokalariko eta partidako. Txapelketa hasi aurretik, minutu bateko isil unea egin zuten parte-hartzaileek, orain dela bi aste mendian hil zen Iker Garitonandia Abadiñoko xakelari zenaren omenez.

Hamabost txanda jokatu ostean, Santurtzi A taldea nagusitu zen markagailuan. Bigarren postuan Besaingo Alfil taldekoak sailkatu ziren eta Abadiño izan zen hirugarrena. Azpeitiarrak zortzigarrenak izan ziren.

Txapelketa amaitu ondoren, parte-hartzaileek afaria egin zuten lagun giroan Baigera I-en. Azpeitiko Xake Taldeak eskerrak eman dizkio Lukas Iruretagoiena epaile debarrari «musutruk egiten duen lanagatik», Anaitasuna Kakute xake taldeari «emandako laguntzagatik», eta Azpeitiko Udalari ere bai, «xakea bultzatzeko egiten duen lanagatik».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos