Zezen Beltz asteburua egingo da ostiraletik igandera bitartean

Iazko Grand Prix saioan, zezenarekin jolasean. / E.A.
Iazko Grand Prix saioan, zezenarekin jolasean. / E.A.

Elkarteak X. urteurrena ospatzen du gainera eta egitarau oparoa antolatu du | Data esanguratsua ospatzeko, ekitaldi berezia egingo dute etzi Sanagustinen (19:30)

DV AZPEITIA.

Zezen Beltz elkarteak ospakizunetarako urtea izan du aurtengoa. Zenbaki borobilak izan ditu gainera ospakizunetarako. Honela, aurtengoan Azpeitiko sokamuturrak 500. urtea betetzen zuela-eta hainbat ekitaldi izan dira. Baina bada aipatu beharreko beste urteurren bat. Izan ere, Zezen Beltz elkarteak 10 urte bete ditu eta horrekin batera 10. Zezen Beltz asteburua ere aurretik du. Urriaren 12an, 13an eta 14an izango da eta egitarau oparoa antolatu du taldeak.

Hamargarren urtebetetzea ospa-tzeko ekitaldiarekin hasiko dira, datorren ostiralean, urriaren 12an. 19:30etik aurrera egingo da eta ondoren mokadua izango da, Sanagustinen.

Hilaren 13an, zapatuan, eguerdian hasiko dira ekitaldiekin. 12:30ean, sokamutur txikia egingo da, Erdikaletik plazara. Ondoren, ohi bezala, haurrek zezen txikiekin eta pottokekin jolasteko aukera izango dute, plazan.

Arratsaldean, herritarren artean hain harrera ona izan ohi duen ikuskizunaren tartea izango da, Grand Prix saioa, hain zuzen ere, 17:00etan hasita. Urtero zezen plazan eskaini ohi duten jolasa eta lehia da. Sarrera, egunean bertan eskuratu ahal izango da, 3 euroren truke. Hala ere, aurrez eros daiteke Juantxo-txiki, Olakor, Korrale eta Berdie tabernetan. Azkoitian, Elurre tabernan ere izango dira salgai tiketak. Behin ikuskizuna amaitutakoan, haurrentzat zezen txikiak izango dira, zezen plazan.

Urriaren 14an, igandean, izango da Zezen Beltz asteburuaren azken eguna. Eguerdian, 12:30etik aurrera, sokamutur txikia egingo da, Erdi kaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta pottokak ipini dituzte, plazan, txikienen gozamenerako.

Ordu berean, helduak ez asper-tzeko, txahal saiheskia eta oilasko dastaketa izango da plazan, musikaz alaiturik.

Goizean zehar Zezen Beltz elkarteko kamiseta berriak eta lepoko zapi gorriak erosteko aukera izango da, plazan. Elkarteko kideak izango dira bertan.

Arratsaldean, helduen entzierroaren tartea izango da. 17:00etatik aurrera, Artzubitik herriko plazara ibilbidea osatuko dute zezenek eta bueltako bidea beteko dute gero. Ondoren, zezen bolaztatuak aterako dituzte, Artzubia kalean. Honenbestez emango zaio amaiera hamargarren Zezen Beltz asteburuari.

 

Fotos

Vídeos