Zapatuan jokatuko dute apustua Izeta IV.ak eta Goikoetxek, zezen plazan

Juan Mª Iraola, Estitxu Elduaien, Hodei Iruretagoiena, Imanol Albizu, Zelai eta Izeta II.a. / E.A.
Juan Mª Iraola, Estitxu Elduaien, Hodei Iruretagoiena, Imanol Albizu, Zelai eta Izeta II.a. / E.A.

Bi harrijasotzaileek, nor baino nor, 10 minutuko hiru tanda egin beharko dituzte 125 kiloko kubikoarekin, 19:00etan hasita

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Zapatuan, maiatzak 4, 19:00etan hasita, bi harrrijasotzaile gazteren arteko lehia hartuko du Azpeitiko zezen plazak. Aurrez aurre izango dira Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.a' eta Imanol Albizu 'Goikoetxe' elgoibartarra, gaur egun Elgetan bizi dena. Jose Ramon Iruretagoiena 'Izeta II.a' eta Jose Antonio Gisasola 'Zelai' izan dituzte maisu. Hainbeste urtean aurkari izan ostean, bi lagunak prestatzaile gisa aritu baitira oraingoan. Estreinako plaza izango da beraientzat gisa honetan. Egin beharreko lana ez da nolanahikoa. Atzo aurkeztu zuten zezen plazan bertan. 125 kiloko (10 arroa) harri kubikoarekin altxaldi gehien egiten dituenak irabaziko du. Horretarako 10 minutuko hiru tanda izango dituzte, tartean bost minutuko atsedenaldia izango da. Beraz, ordubete eta 25 minutu iraungo du ikuskizunak, harriarekin, aldiz, ordubeteko saioa beteko dute bi kirolarien artean. Erresistentzia proba zorrotza izango da eta antolatzaileek aurreratu dutenez doping kontrola izango da, Gipuzkoako Federazioaren kontrolpean.

Alde bakoitzak 6.000 euro jarri ditu jokoan, horrela jasoaldi gehien egiten dituenak eramango ditu 12.000 euroak. Aldiz, berdinketa izango balitz, «bakoitzak berea» eramango luke.

Sarrerak 35 euro balio du eta apustua baino lehen, 18:00etatik aurrera, gutxi gora behera, jarriko dira salgai sarrerak zezen plaza bertako leihatilan.