Zapatuan burutuko dute Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko bigarren etapa

66 lagunek hartu zuten parte GR-38ko lehen etapan, urtarrilaren 26an. / LAGUN ONAK M.B.
66 lagunek hartu zuten parte GR-38ko lehen etapan, urtarrilaren 26an. / LAGUN ONAK M.B.

Gernika eta Iurreta arteko bidea egingo dute oinez Lagun Onak M.B-koek | Parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman beharko dute bihar, osteguna, baino lehen, mendizaleen tabernan edo web orriaren bitartez

ELI AIZPURU

Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek pasa den urtarrilaren 26an ekin zioten Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea bezala ezaguna den GR 38a zeharkatzeko egitasmoari. 66 lagunek hartu zuten parte lehen etapa hartan eta orain bigarrenaren atarian, herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete.

Zapatu honetan, otsailak 16, egingo dute bigarren etapa. Gernika eta Iurreta arteko 23,5 kilometroko ibilbidea burutu beharko dute parte hartzera animatzen direnek.

Goizeko 7:30ean izango dute hitzordua, anbulatorio aurrean. Autobusez joango dira Gernikara. Behin han, GR 38a hartu eta Elejalderantz abiatuko dira. 5 kilometrotara egingo dute lehen geldialdia, hamarretakoa egiteko. Ondoren, ibilaldiari ekingo diete berriro eta Albiz auzotik igaroko dira.

Hau atzean utzi ostean, Maguna auzora iritsiko dira, 15 kilometro bete ondoren. Bertan bazkaltzea da asmoa, ordu erdi inguruko geldialdia eginez. Behin sabelak beteta, Goiuria eta Garai ingurutik igaroko dira eta handik Iurretara jaitsiko dira. Ibilaldia 16:30ak edo 17:00ak inguruan amaitzea aurreikusten da. Amaitzean, 15 minutu izango dituzte Iurretan atsedena hartzeko eta berriro autobusa haruko dute Azpeitira bueltatzeko.

Antolatzaileek aurreratu dutenez Gernika-Iurreta ibilaldiak «1.445 metroko desnibela du goraka, eta 1.336 metrokoa beheraka».

Irteeran parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa da. Horretarako azken eguna, bihar, osteguna, otsailak 14, izango da. Interesatuek mendizaleen elkarteko tabernara joan edo Lagun Onak mendi bazkunaren web orriaren (www.lagunonakmb.org) bitartez egin dezakete inskripzioa. Bazkideek 8 euro ordaindu behar dute eta bazkide ez direnek, berriz 10 .

Lagun Onak Mendi Bazkunaren 2019ko egitasmo nagusia da Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea burutzeko proiektua. Bermeo eta Oion lotzen dituen GR-38, hain zuzen ere.

Guztira, 166 kilometro egingo dituzte mendizaleek, zortzi etapatan banatuta. Zortzi etapak egiten dituenarentzat oparia ere izango da.

 

Fotos

Vídeos