Zabalik da 'Arkupehotsak' egitasmoko hirugarren edizioan izena emateko epea

Arkupehotsak egitasmoaren antolatzaileak eta Deus Ez eta Passepartout taldeetako kideak . / KULTURAZ
Arkupehotsak egitasmoaren antolatzaileak eta Deus Ez eta Passepartout taldeetako kideak . / KULTURAZ

2011tik hona, Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibaren xedeetako bat izan da sortzaile berriei babesa eskaintzea

ELI AIZPURUAZPEITIA

Arkupehotsak egitasmoaren hirugarren edizioa aurkeztu berri du Kulturaz kooperatibak, Sanagustin kulturgunean egindako agerraldian. Bertan, bigarren edizioan kontzertua jo zuten taldeen artetik eszenatoki handian jotzeko eta bideoklip bat grabatzeko hautatuak aurkeztu zituzten; 'Deus Ez' eta 'Passepartout' taldeak, hurrenez hurren. Aurkezpenean izan ziren Kulturaz kooperatibako Jose Luis Otamendi lehendakaria eta Eusebio Beloki programatzailea, Olatz Prat Azpeitiko Kultur Mahaiko lehendakaria, Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko zinegotzia, Deus Ez taldeko Koldo Sagarzazu eta Passepartouteko Tomas Lizarazu eta Jontxu Ape taldekideak.

Honela, beste urte batez abian da sortzaile berriak bultzatzeko Kulturaz kooperatibak garatzen duen ekimena. «Aurreko edizioetatik ikasitakotik abiatu eta soinu berrien plaza eraginkortzeko», zenbait egokitzapen egin dituzte. Besteak beste, izen-emate epea irekia izango da -data kontuan hartuko bada ere-, kontzertuen promozio bideoak grabatuko dira, eta, lehengo hedapen bideez gain, kontzertuetako bideoak Hamaika Telebistan ere eskainiko dira.

Egitasmoan interesa duenak izen-emate orria bete beharko du. Bigarren edizioan jotako taldeen artean, Deus Ez taldea hautatu dute eszenatoki handian bigarren kontzertu bat jotzeko. Passepartout taldeak, berriz, bideoklip bat grabatzeko aukera izango du Arkupehotsak egitasmoari esker.

Hasieratik, 2011tik, sortzaile berriei babesa eskaintzea izan da Azpeitiko kultur mahaiaren kooperatibaren xedeetako bat. Horregatik, «urte hauetan modu desberdin askotan gerturatu gara sortzaileengana eta luzatu diegu eskua gure baliabideen bitartez euren lanari bide emateko (kontzertuak, grabaketak, erakusketak, antzerki sormen egoitza programa...)», diote Kulturazeko kideek.

Arkupehotsak ontzeko azken urteotan jorratutako bi osagai «garrantzitsu» uztartu dituzte. Batetik, eduki gisa, «kultur jarduna modu integralean jorratzeko nahia eta kasu honetan musikaren alorra bere zentzu eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina». Horregatik, programazioaz gain, «sentsibilizazioaz, sormen prozesuetaz, publiko berrien sustapenaz eta formazioaz ere ari gara hizketan».

Bestetik, baliabide edo egitura-osagai gisa, «Arkupea, oholtza». «2015ean hasi ginen Sanagustin kulturguneko aldameneko arkuan eszenatoki formatu berri bat atontzen eta sortzaile berriei plaza eskaintzen. Formatu honek gertutasun gehiagorekin eta modu dinamikoagoan musika, antzerki edo bestelako kultur adierazpenak plazaratzea ahalbideratzen digu. Orain, gainera, eszenatoki finkoa jarri dugu arkupean», adierazi dute arduradunek.

Beraz, aipatutako bi osagai nagusi horiek uztartuz, orain artean eginiko lana balioan jartzeko asmoz eta ekimenari forma zehatzagoa eman nahian, Arkupehotsak ekimenaren hirugarren edizioa martxan jartzera doaz.

Arkupehotsak egitasmoan izena emateko www.kulturaz.eus webgunean jarriko den izen- emate orria bete beharko da. Egiasmoaren gainerako helburuak, ezaugarriak eta bertan parte hartzeko baldintzak zeintzuk diren jakiteko Kulturaz.eus atarira zuzendu daiteke.

Kulturaz kooperatibaren Arkupehotsak egitasmoak laguntzaile ditu Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Bidelagun ditu, berriz, Badok ataria, MusikaZuzenean eta Hamaika Telebista.