Xoxoteko Eguna da bihar eta egitarau oparoa prestatu du Lagun Onak M.B-ak
Geratu gabe dabiltza mendizale elkartekoak, aurrekoan, esaterako, 70 lagunek hartu zuten parte Txalintxoko Egunean
E.A.
Larunbata, 28 maiatza 2022, 00:17
Lagun Onak mendi bazkunako kideak irteeraz irteera eta egitarau oparoarekin dabiltza azkenaldian. Oraingoan, izurritea tarteko, bi urteko etenaldia eta gero, Xoxoteko Eguna ospatuko dute bihar. 9:00etan abiatuko dira herriko plazatik eta goian, Xoxoteko Aterpearen inguruan « denetik» egongo dela aurreratu dute, «trikitilariak, txalapartariak, umeentzako tirolina, lore eskaintza, paella-jana...».
Honakoa da prestatu duten egitaraua: behin tontorrean, 12:00etan Meza ospatuko dute; 12:45ean, ohikoa den bezala, elkarteko hil diren kide guztiak izango dituzte gogoan, lore eskaintza bat eginez; 13:00etan, domina banaketari ekingo diete eta ondoren, paella jana izango dute bertaratzen direnek.
Txalintxo Eguna
Pasa den igandean ospatu zuten Txalintxoko Eguna Lagun Onak mendi bazkunako kideek. Eguraldia lagun, 70 lagun inguru elkartu ziren herriko plazan txangoan parte hartzeko. Loiola atzetik gora hartu eta Munoaunditik igaro ostean, Txalintxoko gurutzeari bisita eginez osatu zuten irteera. Handik, nahi zutenek, eguna borobiltzeko, Loiolatxo elkartean bazkaltzeko aukera izan zuten.