Urola ibaia garbituko dute gaur goizean herriko ikasleek

Ohiko ekimen honez gain, DBH-koek sentsibilizaziorako dokumental bat ikusteko aukera ere izango dute

AZPEITIA.

Agenda 21 ekimenaren baitan, ohikoa bihurtu da Urola ibaiaren garbiketa. Urtero, herriko DBHko ikasleak ibaira jaitsi eta hura garbitzen aritzen dira goiz batez. Ekainean egin izan ohi da baina eguraldi txarra tarteko atzeratu egin behar izan zuten orduan. Gaur izango dute beraz, hitzordua. Aurten, ekimen hori osatu egin da eta garbiketa lanaz gain, sentsibilizaziorako dokumental bat ikusteko aukera ere izango dute.

Goizeko 8:45ean dute hitzordua, Soreasun. Bertan, Xabier Arenasek Urola ibaiaren inguruan egindako dokumentala ikusteko aukera izango dute. 20 minutu inguruko dokumentalaren bidez, herritarrak sentsibilizatu eta ibaiak dituen altxorrez jabetzea da helburua. Dokumentala Luis Juaristik aurkeztuko du, eta ikusi ostean, iritziak plazaratu eta hausnartzeko tartea ere gidatuko du. Horren ostean, garbiketarako materialak jaso eta ibaia garbitzeari ekingo diote. Zeregin horretan arituko dira 11:30ak aldera arte.

Bildutako zaborra, plazara

Bildutako zabor guztia plazan horretarako espreski ipiniko dituzten kontenedoreetan jasoko dute, eta garbiketa bukatzean erdigunean bilduko dira. Bukatzeko, mokadutxo bat egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos