Mus txapelketarekin hasiko dira gaur Loiolako San Jose jaiak

Iazko asto lasterketa. /  E.A.
Iazko asto lasterketa. / E.A.

Kiruri jatetxean jokatuko dituzte partidak, 22:30ean hasita eta asteartera arte luzatuko dira gero festak

AZPEITIA.

San Jose egunarekin batera iritsi ohi dira urtero Loiolako festak. Gaur bertan murgilduko dira auzotarrak -eta bertara hurbildu nahi duten guztiak- festan. VII. Mus Txapelketa jokatuko da. Kiruri jatetxean izango da, 22:30etik aurrera. Txapelketan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena. 22:00etan irekiko dute izen-ematea. Bikote bakoitzak hogei euro ordaindu beharko du. Irabazleek 350 euro eta txapelak eskuratuko dituzte. Bigarren sailkatzen den bikoteak, 150 euro eta txuletak eskuratuko ditu, eta hirugarrenak bi lagunentzat afaria Kiruri jatetxean.

Bihar, zapatua, mendi bizikleta irteera antolatu dute Loiolako Festa Batzordeko kideek. 09:00etan Loiolatxo elkartearen aurretik aterako dira mendi ibilbidea egitera txirrindulariak. Arratsaldean, berriz, 17:30etik 19:00ak aldera arte, 3 urtetik 14 urte arteko umeen eta gaztetxoen marrazki lehiaketa izango da Kiruri jatetxean. Bertan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, 943-81 56 08 telefonora deituta.

Asteartean izango dute egun handia Loiolan, San Jose egunean. Zezen txikiak, puzgarriak, asto lasterketa eta herri kirol jaialdia antolatu dituzte egun horretarako. 11:00etan zezen txikiak eta poniak izango dira haurrentzat, eta ondoren, 13:00etan, hasiko da urtero hainbeste jende bildu ohi duen asto lasterketa. Arratsaldean, urteroko ohiturari jarraituz, herri kirol erakustaldia izango da: harri jasotzen ariko dira Aimar Irigoien eta Jon Unanue 'Goenatxo III'.a; eta aizkoran, aldiz, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi 'Txikia IV'.a. Haurrentzat eta gaztetxoentzat jolasak eta puzgarriak izango ere izango dira arratsaldean zehar. Egurrola aita-semeak arduratuko dira giroa alaitzeaz.