Trinidade jaiak ospatuko dituzte Nuarben gaurtik astelehenera bitartean

Sokamuturra, erromeriak edota haurrentzat jolasak prestatu dituzte hiru egunetan zehar

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOAZPEITIA.

Trinidade jaiak hastear dira Nuarben. Bertako Festa Batzordeak hiru egunetako jai egitaraua prestatu du. Honela, gaur arratsaldetik astelehen gauera bitartean festa giroa izango da nagusi.

Gaur, 16:00etan hasiko dira trinidadeak, txupinazoarekin, eta ondoren, sokamuturra izango da bertan Zezen Beltz elkartekoek antolatuta. Zezenak kamioian bidali bezain pronto, Azpeitiko kantujira taldearekin poteoa egingo dute auzoan. Iluntzean, urteroko ohiturari jarraituz, herri afarian elkartuko dira auzotarrak, eta Elizagoien ahizpekin erromeria giroa izango da afalostean. Herri afarira joan nahi duenak aurrez izena eman behar du Nuarbeko elkartean edo festa batzordearen Facebookeko orrialdean.

Igandean, Trinidade Eguna, festetako egitarauko jai egun nagusia izango da. Meza ospatuko dute estreinako, eguna hasteko, 12:00etan. Amaitzean, Jose Mari Orbegozo dantza eskolako kideen emanaldia hasiko da. Arratsaldean, berriz, umeentzako saioek hartuko dute auzoa, eta puzgarriak eta 3zpa4 taldearen ikuskizuna izango dira, besteak beste, 16:00ean eta 18:00etan, hurrenez hurren. Ondoren, eguna amaitzeko, Izer eta Narbaizarekin erromeria izango da.

Astelehenean, hilaren 17an, amaituko dira jaiak. Umeentzako ekitaldiak nagusituko dira egunean zehar; ume jolasek, horientzako tailerrek eta txokolatadak girotuko dute arratsaldea, eta iluntzean, Laja eta Lutxurdioren erromeriarekin agurtuko dituzte jaiak.

Autobus zerbitzua

Autobusak egongo dira gaur. Azpeititik Nuarbera joateko 16:00etan abiatuko da autobusa anbulatorio aurretik; eta Nuarbetik Azpeitira joateko, 19:30ean izango da autobusa.