«Sormena bizirik mantentzea aberasgarria da, eta hori bermatu nahi dugu»

Olatz Prat da Azpeitiko Kultur Mahaiko presidente berria, eta erronkarik ez zaio falta. /  A.S.
Olatz Prat da Azpeitiko Kultur Mahaiko presidente berria, eta erronkarik ez zaio falta. / A.S.

Olatz Prat, Kultur Mahaiko presidente berria da eta, dioenez, «kulturari dagokionez, Azpeitia Gipuzkoa mailan erreferente dela uste dut»

ALEX SILVA AZPEITIA.

Azpeitiako Kultur Mahaiak otsailaren 21ean egindako ohiko batzarrean erabaki zuen presidentez aldatzea. Horrela, hurrengo bi urteetan Olatz Pratek izango du orain arte Maite Maizek egindako lanari jarraipena emateko ardura. «Ni etorri aurretik martxa bat zegoen, eta ni joan ondoren ere martxak jarraituko du. Horregatik, nire helburua, ekarpenak eta ideiak mahai gainean jartzea izango da», dio ia urte erdia lehendakari gisa daraman Pratek. Izendapena ere gustura hartu zuen, izan ere «beti da ona zutaz akordatzen direnean eta, batez ere, horrelako gauza baterako denean. Beti egon naiz herriko kultur mugimenduari lotuta, eta emandako guztia eskertzeko modu bat da hau».

Azpeitiako Kultur Mahaiaren eboluzioa gertutik jarraitu duen arren, eta kontu asko arrotzak egin ez arren, kargu berrira ohitzen ari da. Sei hilabete eskas igaro dira presidente estreinatu zenetik, eta gogotsu dago. «Horrelako gauzetarako denean, gogoak edonondik ateratzen dituzu eta hemen nagoen bitartean, indarrik ez da faltako», dio azpeitiarrak.

Herriko kultur espazioen egoerari buruz hitz egitean, presidenteak ez dauka zalantzarik eta eraikitzen ari direnak erronka gisa hartzen ditu. «Estruktura fisikoak finkatzeko une batean gaude; Sanagustin lortu zen, Soreasuko kudeaketarekin gaude, Sormengunea badator; espazioak nahikoa argi daudela dirudi, baina espazio horiek bete eta zertarako diren zehaztea falta da». Pratentzat, lekuei behar bezalako erabilpena ematea da gakoa. «Lekuak berak ez du ezer asetzen, lekuak baino gehiago edukiak eta erabilerak asetzen du. Alde horretatik, espazio horiek izateagatik zorte handia dugu, nahiz eta lan handi baten emaitza diren», onartzen du Pratek.

«Soreasuko obrak orain hilabete hasi ziren, eta 2019ko udazkenerako amaitzea espero dugu»«2017. urtean, ia 45.000 ikus-entzule izan ziren egindako ia 200 kultur jardueretan»

Erronka berriei buruz galdetuta Pratek «sormena bultzatu» nahi duela onartzen du. Bere nahia da, batetik, sormenari -herrikoa zein bailarakoari- garatzeko espazioak, moduak eta baliabideak ematea; baina, bestetik, gero hori herriari transmititzea ere. Bide horretan doa Soreasu Sormengunearen eraikitzea eta 2019ko udazkenerako zabaltzea espero du. «Orain hilabete luze hasi ziren obrak, eta 2019ko udazken alderako martxan egotea espero da. Hemen aipatutako bi elementuak landu nahi dira, sormena bultzatu eta, gero, transmisioa bermatu. Sormena bizirik mantentzea beti da aberasgarria, eta hori da guk bermatu nahi duguna», onartzen du Pratek.

Sormengunearen beharra

Olatz Praten ustez, Sormengunea eraikitzeko ideia «detektatutako behar batetik» etorri zen. «Herrian sortzaileak zeudela eta hauek espazioak behar zituztela ikusten genuen. Horregatik, hazitxotako bat herrian egiten diren sormen egonaldietatik dator. Esaterako, arte eszenikoen kasuan, antzerki konpainiak denbora batez Soreasun izaten dira. Erraztasunak ematen zaizkie beraien obra landu dezaten, herriari zerbait eskaintzearen truke».

Soreasuko obrek irauten duten bitartean, halere ez daude geldirik, izan ere «bai Udalaren eta Kultur Mahaiaren artean osatzen dugun foroan ari gara lanak aurreratzen, bertako kudeaketa, espazioak nola antolatu, material aldetik izango diren beharrak aztertzen... lanean dihardugu». Hasiera batean, ez dute aldaketarik aurreikusten antolaketaren inguruan eta Elkar-Ekin elkarteak bere denda eta biltegia bertan izaten jarraituko du.

Soreasuko kudeaketa, aldiz, ez du bermatuta Kulturaz Kooperatibak (Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibak), datorren urtean amaitzen baitzaio kudeaketako epea. «2019an amaitzen da kontratua eta, gero, edozein enpresatan bezala, hainbat kontu aztertu behar dira; esaterako, urte hauetako kudeaketa nolakoa izan den. Gauzak, ondo bidean, ezer arrarorik ez badago eta baldintzak ikaragarri aldatzen ez badira, pentsa daiteke aurrera egingo dugula. Halere, momentua iritsi arte ezin dugu erabakirik hartu eta hori denen artean erabaki behar dugu», dio Pratek.

Ia 200 ekitaldi 2017an

Espazio desberdinak izanda, normala da ekitaldiak ere ugariak izatea. Esaterako, eta azken urteko datuei erreparatuz, urtean 194 kultur jarduera antolatu ziren herrian eta, guztira, 44.528 ikus-entzule izan ziren. «Orohar, kultura asko sortzen da eta asko ekartzen, zein programatzen dela ikusten dugu. Ez da soilik Azpeitiarrentzat sortu den zerbait, nik uste Gipuzkoa mailan erreferente dela Azpeitia, kontzertu aldetik, antzerkiak, dantza emanaldiak...». Azpeitiarrengan zentratuz, euren profila «oso zabala da», gazteetatik hasi eta oso helduetaraino. Eskaintza zabala izateak ere laguntzen du kontsumitzaileak ere adin ezberdinetakoak izatea, baita ohituraz kultura kontsumitzeko joera ez dutenak edota kontsumitzeko zailtasunak dituztenak (mugikortasun arazoak, adinduen zentroak daudenak, errenta baxuak dituztenak...).

Ekitaldi hauetan parte hartzen duten artista eta sortzaileek kulturatik bizitzeko aukera oso baxua duten arren, «ahal dugun neurrian saiatzen gara hona datozen artista zein sortzaileei, eta haien inguruan dabiltzan langileei, baldintza duinetan lan egin dezaten errazten eta bermatzen».

Literaturaren hutsunea

Halere, hainbeste ekitaldi izan arren, literaturaren inguruan gabezi handi bat ikusten du Pratek. «Herrian liburu denda bat ere ez dugu, baina ez baldin badago, zerbaitengatik izango da. Bueltak eman dizkiogu gabezi horri, baina enpresa guztiak bezala, gauzak zorrotz aztertu behar dira. Hutsune hori dugun erronka bat da, eta gure pentsamenduetan ere badago. Gustatuko litzaiguke etorkizunean literaturak ere espazio fisiko bat izatea herrian, eta borrokatuko dugu horregatik ere».

 

Fotos

Vídeos