Sorkuntza bekara proiektuak aurkezteko epea zabaldu da

E.A. AZPEITIA.

Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak Kultur Sorkun-tza Bekara proiektuak aurkezteko epea zabaldu berri dute. Laugarren urtez jarri dute martxan egitasmoa, eta sortzaile berriek apirilaren 12ra bitartean izango dute proiektuak aurkezteko aukera, Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara bitartean, eta larunbatetan, 12:30era bitartean.

Sortzaileek edozein kultur arlotako proiektuak aurkez ditzakete, hala nola musikari, pinturari, eskulturari, literaturari, antzerkiari, zinemari, komikiei, soinuari, ikus-entzunezkoei, dantzari eta abarri lotutakoak, beti ere, 16 urtetik gorakoak izan beharko dute eskatzaileak.

Epaimahaiak hainbat ezaugarri hartuko ditu kontuan proiektuak aukeratzerakoan. Besteak beste: proiektuak kultur arloari egiten dion ekarpena; jendarteko integrazioan duen eragina; estrategikoa izatea; sormena, originaltasuna eta berritasuna; Azpeitiko kultur adierazpenak herritik kanpo ezagutaraztea; balio onuragarriak sustatzea; parte-har-tzaileen kopurua; parte-hartzea sustatzea; aktibitate irekia izatea; proiektuaren jarraikortasuna; eta euskararen erabileraren sustapena.

Udalak 12.000 euro bideratuko ditu beka honen aurtengo ediziora.