Sanjoanen zain jarri dira Urrestillan, krosa eta Jubilatuen Egunaren ostean

Mimenza, taldeko gidari lanetan. /
Mimenza, taldeko gidari lanetan.

Aitor Mimenza eta Alazne Irureta izan ziren azkarrenak eta 43 lagun elkartu ziren igandean jubilatuen bazkarian

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Gero eta sona handiagoa dute Urrestillako San Joan jaiak eta aurtengoan gainera, bi asteburutara luzatuko da programazioa. Txikuri frontoian urtero egin ohi diren pilota partidekin zabaldu zen festa egitaraua pasa den ostiralean. Zapatuan krosa izan zuten ekitaldi nagusi eta igandean, berriz, jubilatuek beraien egunaz gozatzeko aukera izan zuten.

Txikienetatik hasi eta infantil mailara bitarteko gaztetxoek izan zuten aurrena korrika egiteko aukera Urrrestillako kros ezagunean. Ondoren, jubenilak, seniorrak eta beteranoak hartu zuten parte. Guztietan azkarrena, alde nabarmenarekin, Aitor Mimenza helmugaratu zen (Azpeitiko San Silbestre proba irabazi zuen korrikalari bera); Agustin Ruizek eta Mikel Garatek osatu zuten gizonezko seniorren podiuma. Emakumeen artean, berriz, Alazne Irureta beteranoa izan zen lehen sailkatua; Vanessa Cerrajero, bigarrena (eta lehen seniorra), eta Itziar Larrea, hirugarrena. Gizonezkoen beteranoen sailkapenean Manu Hurtado izan zen aurrena, Ibon Arangurenen eta Iñaki Lopetegiren aurretik; Arangurenek lehen herritarraren saria ere eskuratu zuen. Bai kadeteetan (Julen Azpiazu) eta bai jubeniletan (Beñat Zumeta) korrikalari bakarra lehiatu zen.

Hurrengo egunean, jubilatuek hartu zuten protagonismoa eta meza ondoren, plazan jarritako karparen barruan elkartu ziren, Antxieta Elkarteak prestatutako salda eta pintxoak dastatzera.

Antxieta Elkarteak festa batzordearen laguntzarekin bazkaria prestatu ohi du urtero Jubilatuen Egunean. Aurten 43 lagunek eman zuten izena bazkarirako. Giro ederrean gozatu zuten otorduaz eta bazkalondoko kantu eta musika festaz. Urteroko ohiturari jarraituz, mahaikide bat omendu zen, aurtengoan Inake Eizagirrek jaso ditu lore sorta eta bertakoen txaloak.

Temas

Jaiak

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos