Saninazioak festa «luze eta bereziak» izan direla dio Udalak, baina «ikaragarriak»

Iruditan. Programazio zabala izan da egunotan. Txupinazoko, prozesioetako, zezenketa aurreko pasiarako, bazkariko, ume jolasetako edo I. Gizau lehiaketako irudiak dira. / E.A.
Iruditan. Programazio zabala izan da egunotan. Txupinazoko, prozesioetako, zezenketa aurreko pasiarako, bazkariko, ume jolasetako edo I. Gizau lehiaketako irudiak dira. / E.A.

Jaien inguruko balorazio «positiboa» egin du erakundeak eta eraso matxistarik ez egon izana ere positiboki baloratu du

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Saninazioak amaitu berri diren honetan, egun hauetako errepasoa egitea dagokio Udalari eta balorazio «positiboa» egin du erakundeak. Mikel Ibartzabal festa batzordeburuak azaldu duenez, «luzeak izan dira, baina egun batean ere ez dute egin huts herritarrek», eta hori «kontuan hartzekoa» da. Beraz, «ikaragarriak» izan direla aurtengo jaiak esan du.

Saninazio «berezi edo desberdinak» izan direla aipatu du zinegotziak, hala ere, horrek «ez du eraginik izan herritarren eta bisitarien erantzunean», adierazi du. Izan ere, «kontzertuetan, umeentzat zein helduentzat antolatutako ekintzetan..., jende ikaragarri izan da». Udala jakitun dela, ez da festa giroko ohiko tira-birez gain ezer berezirik gertatu, eta horrek «lasaitzen gaitu», adierazi du Ibartzabalek.

Festak antolatzen eta ekitaldiak aurrera eramateko lan egin duten guztiak eskertu nahi izan ditu: «Haujijijai batzordeko kideak zein Festa Mahaikoak eskertu nahi ditut, beraien lanik gabe hau ez zelako posible izango», dio. Festak aurrera eramateko, «brigadan, kale garbiketan zein bestelako lanetan» ibili direnak ere eskertu nahi izan ditu Udalak, «horien lana ere ezinbestekoa delako dena behar den bezala irteteko».

Bukatzeko, «herritarrak zein bisitariak» ere eskertu nahi izan ditu, «giro onez eta errespetuz festaz ederki goza daitezkeela erakutsi dutelako».

Eraso matxisten inguruko sentsibilizazio kanpaina garrantzitsua egin du Udalak festaurrean eta egunotan, eta bertatik adierazi dutenez, ez dute eraso aipagarririk gertatu denik jakin. Beraz, balorazio «oso positiboa» egin dute «beste behin», helarazi dute.

Hirugarren urtez jarraian, arazo horren inguruko sentsibilizazio, informazio eta lehen harrerarako karpa jarri da plaza txikian, hiru egunez. Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziaren arabera, «beste behin ezinbestekoa» bihurtu da kanpaina. Hiru egunetan jende asko joan da karpara, galdezka, informazio eske, zein esperientziak kontatzera: «tamalez, festa giroan ere ohikoak dira erasoak eta horri aurre egin eta festak libre gozatzeko kanpaina egiten saiatu gara. Karpara jende asko etorri da, eta herritarrek zerbitzu hori eskertzen dutela adierazi digute», adierazi du.

Temas

Jaiak

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos