Sanagustin kulturguneak zortzi urte bete ditu

Sanagustin kulturgunearen irudia. / KULTURAZ.
Sanagustin kulturgunearen irudia. / KULTURAZ.

Azpiegitura kudeaketa soil batetik abiatu eta kultura modu integral batean lantzera iritsi da kulturgunea kudeatzen duen kooperatibak

ELI AIZPURUAZPEITIA.

Sanagustin kulturgunea abian jarri zenetik zortzi urte pasa dira jada. «Azkar pasatzen da denbora. Atzo bertan izan zela zirudien Sanagustin kulturguneko ateak ireki zituen ekitaldi hark. Memoria abaniko baten gisakoa da, ordea, eta lehen begiratuan atzokoa zirudiena zabaldu egiten da norbere gogoan sakondu ahala», azaldu dute Sanagustin kudeatzen duten kooperatibako kideek.

Honela, «ohartzerako» ibilbide aberasgarria egin eta kulturaren plaza bihurtu da Sanagustin. 1.340 kultur ekitaldi antolatzera iritsi dira; 270.000 ikus-entzule baino gehiago izan dituzte ekitaldiek, edota 40 kultur proiektu sustatzeko modua izan dute. «Urtez urte zenbakiak hobetzen ari gara, subjetiboa izan badaiteke ere, eskaintzen diren ekitaldien kalitatea ere asko hobetuz doala esan daiteke».

Hasieratik, proiektuak lan lerro nagusi bat izan du, «Kultura oinarri, kudeaketa eredu propio bat garatu eta kultur esparruan gabiltzanon autonomia eta gizarte eragile desberdinen parte hartzearen arteko orekan» oinarritua.

Urte hauetan kultur programazio «aberats eta orekatu» baten bidez euskal kultura «bultzatzen, egituratzen eta indartzen» saiatu direla azaldu dute. «Kultura modu integral batean lantzera iritsi gara, ikusgarritasuna ez ezik, sormena eta transmisioa ere landuz».

Autofinantzazioaz ere aritu dira zortzi urte hauek aztertzeko garaian. Izan ere, autofinantzazio «maila altu» baten bidez, hau da, %91ko autofinantzazioa, lortu dute. «Administrazio desberdinetatik jasotako subentzio edo laguntzak gure aurrekontuaren %9 izatera ez dira iritsi, menpekotasunik gabe, kultur proposamena kultur zein gizarte eragileen eskuetan utzi dugu».

Jarduera finkatzeko, hainbat zerbitzu ere eskaintzen dituzte, «urtez urte gehiago, kooperatibaren aurrekontua urtez urte handiagoa da eta». Honela, ostalaritza, soinu eta argiztapen zerbitzu mota desberdinak, ikusentzunezko zerbitzu integrala, enpresentzat era guztietako zerbitzuak edo aholkularitza aukera desberdinak daramatzate.

Etorkizunari so

Kooperatiben benetako izaerari eutsiz (pertsonak ardatz hartu eta balio erantsi moduan erabiliz, konpromisoa, inplikazioa eta horizontaltasuna bultzatuz, gardentasunez...) proiektuari sostengarritasuna eman diote. «Etengabeko eta eraldaketa bizi-bizian Azpeitiari zerbitzua emanez, elkar hartu eta herri gisa jokatzen ikastea izan da xedea», azaldu dute arduradunek.

Atzera begiratzea bezain osasuntsu eta beharrezkoa da, ordea, etorkizunari so egitea. Hori dela eta, udazkena, «erronkaz» beteta dator. Batetik, Dinamoa Sormen Gunearen irekiera izango da. Bestetik, lehendik hasitako hainbat proiekturi jarraipena emango diete (Kultur Bonoa, Oholtzaberri antzerki proiektu integrala, 60 eta 70eko trikitixaren inguruko dokumental eta liburua, Arkupehotsak, Zuzenekoak ON!, Dantzan!...). Beste hainbat martxan jarriko dituzte. Agenda ere mota guztietako kultur ekitaldiz beteta dute: musika kontzertuak, arte eszenikoak (antzerkia, dantza...), ume eta gaztetxoentzako emanaldiak, Txisteratik magia asteburua, hainbat hitzaldi eta jardunaldi, erakusketak...

Eskertza

Urteurrena aprobetxatuz, eskerrak eman nahi dizkiete kooperatibako bazkide diren kultur talde, sortzaile edo norbanakoei, bazkide norbanako parte hartzaileei, kooperatibako langileei -profesionaltasuna eta bolondres lana uztartzeagatik-, Azpeitiko Udalari eta bidelagun duten herritar sare zabalari. «Zuek gabe ezinekoa litzateke», esan dute kulturgunetik. «Bada lana, eta badago zer egina. Orain arte jorratutako bidetik, herritarrekin eta kultur eragileekin batera, euskal kultura modu integral batean lantzen jarraituko dugu aurrerantzean ere», amaitu dute.

Erakusketa

Sanagustin kulturgunearen irekieraren zortzigarren urteurrena dela eta, erakusketa berezia jarri du Kulturaz kooperatibak kulturgunean bertan. Urteotan egindako egitasmoetan ateratako argazkiekin osatu dute erakusketa, eta irudiekin batera, proiektuaren izaera laburbiltzen duten panelak ere jarri dituzte. Erakusketa irailaren 2ra arte izango da ikusgai.