Polybius eta Haxotz taldeekin hasiko da bihar Arkupehotsaken edizio berria

Polybius taldeko kideak. / KULTURAZ
Polybius taldeko kideak. / KULTURAZ

Hamabi talde inguruk izango dute Sanagustin kulturgunean kontzertua eskaintzeko aukera eta 22:00etan izango da lehen saioa

ELI AIZPURUAZPEITIA.

Arkupehotsak, musikari berrien plaza izan nahi duen egitasmoaren hirugarren edizioa abiatuko da bihar, ostirala, Sanagustin kulturgunean. Ibilbide berri honetan hamabi talde inguruk izango dute kontzertua eskaintzeko aukera. Polybius eta Haxotz taldeek izango dute aukera lehen kontzertua eskaintzeko plaza berezi honetan. 22:0etan hasiko da Arkupehotsak egitasmoaren hirugarren edizioa.

Sanagustin kulturguneko arkupea musikari berrien plaza bihurtuko da hilabetero Kulturaz kooperatibak sustatzen duen ekimen honen bidez. Urriaren 4ean Txost! eta Maddi aholtzaratuko dira arkupeko eszenatokira, azaroaren 29an Habi eta Agian taldeen txanda izango da. Abenduan geldiunea egin ondoren, urtarrilean ekingo zaio berriro egitasmoari eta antolatzaileek aurreratu dutenez, datorren urte hasieran beste hiru kontzertu izango dira. Horrez gain, Arkupehotsak egitasmoan izena eman zuen Saia Goait taldeak Soziedad Alkoholika taldearekin jotzeko aukera izango du azaroaren 9an.

Aurreko edizioetatik ikasitakotik abiatu eta soinu berrien plaza eraginkortzeko, zenbait egokitzapen egin dira hirugarren edizio honetan. Besteak beste, izen-emate epea irekia da -data kontuan hartuko bada ere-, kontzertuen promozio bideoak grabatuko dira, eta lehengo hedapen bideez gain, kontzertuetako bideoak Hamaika Telebistan ere eskainiko dira.

Arkupehotsak ontzerako garaian Kulturaz kooperatibak azken urteotan jorratzen zen bi osagai garrantzitsu uztartu ziren. Batetik, eduki gisa, kultur jarduna modu integralean jorratzeko nahia eta kasu honetan musikaren alorra bere zentzu eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina. Horregatik, programazioaz gain, «sentsibilizazioa, sormen prozesua, publiko berrien sustapena eta formazioa» ere xede ditu kultur mahaiaren kooperatibak.

Bestetik, baliabide edo egitura-osagai gisa, Arkupea oholtza dago. 2015ean hasi ziren Sanagustin kulturguneko aldameneko arkuan eszenatoki formatu berri bat atontzen eta sortzaile berriei plaza eskaintzen. Formatu honek «gertutasun gehiagorekin» eta «modu dinamikoagoan» musika, antzerki edo bestelako kultur adierazpenak plazaratzea ahalbideratzen du. Orain, gainera, eszenatoki finkoa jarri da arkupean.

Kontzertuak, zapatuan

Bestalde, zapatuan, irailak 14 hainbat kontzertu izango dira baita ere Sanagustin kulturgunean: IRA, Mad Muasel, Masta Cuba&Marie V igoko dira bertako oholtzara. Rap eta dancehall doinuek hartuko dute, beraz, Sanagustin kulturgunea.