«Polita da garai berriek 1986ko Annapurna II espedizioa ezagutzea»

Agustin Arenas eta Yuri Agirre, Annapurna II espedizioaren inguruko dokumentalen egileak.
/X.L.
Agustin Arenas eta Yuri Agirre, Annapurna II espedizioaren inguruko dokumentalen egileak. / X.L.

1986 azpeitiar herriak Annapurna IIren tontorra hartu zuen; urteurrena ospatzeko 'Ametsen harria' dokumentala Soreasun estreinatuko da irailaren 14ean Agustin Arenas 'Annapurna II 1986' dokumentala grabatu zuen Yuri Aguirre 'Ametsen harria' dokumentala ekoitzi du

XABIER LARRAÑAGA AZPEITIA.

32 urte pasatu dira azpeitiarrez osatutako espedizio batek Annapuna II mendiaren tontorrera heldu zenetik. Garai hartan, espedizioak, oihartzun handia izan zuen, izan ere 'Annapurna II' dokumentala grabatu zuten bertan hartutako irudiekin. Orain, urteurren hori ospatzeko, eta igoera ikusgarri horri gogora ekartzeko, espedizioaren nondik norakoak ongi aztertzen dituen dokumentala plazaratuko dute. 'Ametsen Harria' dokumentalak espedizio hori aitzakia-tzat hartu, eta Azpeitiko mendizaletasunaren inguruko hausnarketa bat egitea du helburu egileen ahotan. Agustin Arenasek 'Annapurna II 1986' dokumentala grabatu zuen, Yuri Aguirrek, aldiz, 32 urte geroago dokumental hori gogorarazteko 'Ametsen Harria' dokumentala ekoitzi du.

-1986ean Annapurna IIra bidaia egiteko, nondik sortu zen ideia?

Lau emanaldi
Datorren asteko ostiralean, irailaren 14ean, estreinatuko dute 'Ametsen harria dokumentala'. Soreasuko antzokian izango da ikusgai. Hilaren 14ean estreinatuko da 19:00etan, baina 15ean, 16ean eta 17an berriz ere ikusgai izango da.

-Agustin Arenas: Egia esan, Annapurna asko daude, eta gurea Annapurna II da. 7.936 metroko mendi bat da, 8.000ra heltzen ez dena. Josu Bereziartuaren buruan sortu zen ideia. Bereziartua garai hartan mendi mailan bere gauzak egiten ari zen eta Lagun Onakek antolatutako proiekzio bat ikustera joan zen, Joxe Urbietak Himalaiara egin zuen trekking baten erakusketa ikustera. Haren diaposibetan ikusi zuen argazki bat, mendi bat agertzen zen, eta liluratuta geratu zen mendi harekin. Berak esaten du txispa bat sortu zitzaiola. Orduan, ez zekien zein mendi zen, baina bertara joan behar zuela. Noski, joateko talde bat osatu behar zuen, dirua lortu... espedizio bat sortu. Hortik sortu zen dena.

«Zer ikusirik ez du gaur egungo espedizioekin, herritik sortutako espedizioa izan zelako»

-Ideia sortu, eta hortik grabatutako espedizio bat izan zen. Badago aldea!

-A.A.: Lehenengo burutazioa espedizioa montatzea izan zen, garai hartan egiten zen moduan, modu arin batean. Garai hartako ideia berria zen, mendizale gutxirekin, alegia, lau mendizalerekin, sherparik gabe, oxigenorik gabe eta ahalik eta material gutxienarekin... espedizio arin bat. Nahiko ideia berria zen garai hartako. Gero ohartu zen, beharbada, hain garrantzitsua izango zen espedizio bat izango zela, azpeitiarrez osatutako espedizio bat, komeni zela dokumentu bat ekartzea bueltan adierazteko espedizioa nola joan zen erakusteko. Garai hartan itzultzen ziren dokumentuak pobreak ziren, diapositiba xume batzuk edo dokumentazio xume bat. Orduan berak erabaki zuen dokumental bat egitea. Agustin Madrazo eta ni Azpeitiko Zinekluban genbiltzan, 16 milimetrotan aritzen ginen grabatzen, eta niri deitu zidan errodaje baten erdian. Komentatu zidan Himalayara joan, espedizio bat, 16 mmtan grabatu... niretzat mundiala zen, baino noski, preparatu egin behar zen, gauza asko egin behar ziren, baina azkenean egin genuen.

-Zer nolako materiala zen? Eta nola prestatu zenuten?

-A.A.: Erronka bat zen, izan ere, esperientziarik ez genuen guk mendi altu horietan grabatzeko, eta genituen ezagutzarik. Garai hartan katalanak ziren erreferenteak, Jordi Pons eta hauek, eta beraiekin harremana izan genuen, baita nafarrekin ere. Apurka-apurka joan ginen enteratzen ze tresneria behar zen. Nik zerbait banekien, baina orduan Internet ez zegoen eta informazioa lortzea ezinezkoa zen, baina lortu genuen tresneria prestatzea. Ordurako garestia zen oso, baina lortu genuen.

-Orduan grabatu zenuten orain berreskuratu duzuen filma.

-A.A.: Azpeitiko ZineKlubaren tresneriarekin kontatu genuen. Ni orduan bi kontutan nebilen, Annapurnan eta Azpeitiko Zinekluban. Film hori 16mmko diapositibetan grabatu genuen, eta egun negatibotan zegoen. Zorionez, negatibotan egotean material hori ondo kontserbatu izan da filmotekan. Zorionez ere, bere garaian egin zen kopia bat kondizio oso onetan aurkitu dugu. Horrekin, digitalizatzeko erraztasunak aurkitu ditugu. Filmotekak egin du digitalizazio hori.

-Herritarren laguntza ezinbestekoa izan da.

-A.A.: Crowdfounding kanpaina egin zen, eta horri esker digitalizazio eta ondorengo gastuak ordaindu ahal izan ditugu. Baita, ondoren egin den 'Ametsen Harria' dokumentalaren ordainketa bertatik ordaindu ahal izan dugu. Sokumentalean azaltzen da nola sortu zen ideia guztia eta filmazioa nola joan zen.

-'Ametsen Harria' espedizio hori gaurkotzera... Nondik dator ideia?

-Yuri Agirre: Ideia sortu zenean ni ez negoen bertan. Kulturaz kooperatibako kideak hausnartzen aritu ziren 'Anapurnna II 1986' dokumental zaharra nola berreskuratu, berarekin zer egin zitekeen, eta koloreari, zein soinuari buelta bat eman... eta horrekin batera dokumental bera borobiltzeko prestaketak eta nola egin ziren azalduko lukeen dokumental berri bat egitea ongi egongo litzatekeela pentsatu zuten. Orduan, iazko udazkenean, ni Azpeitiko Kultur Mahaiko Ikus-entzunezko teknikari hasi nintzen, eta orduan hasi ginen proiektua lantzen, eta azkeneko zazpi-zortzi hilabetetan horretan gabiltza lanean.

Dokumentala motza da, ordu erdikoa gutxi gorabehera, baina pixkanaka egin dugu. Baldintza tekniko ezberdinak izan ditugu. Horregatik apurka-apurka joan gara egiten. Oraingoz, azken ukituak falta zaizkigu. Irailaren 14an estreinatuko dugu dokumental labur hau, eta asteburu hori baliatuko dugu zine konbentzionalean Annapurna II 1986 dokumentala eskaintzeko.

-32 urteko kontua da. Noski, generazio berriari arrotza zaion gaia da.

-Y.A.: Nik uste polita dela garai berriek Annapurna II 1986ko prestaketako xehetasunak eta garai hartan herri mailako espedizio bat antolatzea nolakoa izan zen ezagutzea, edo garai zaharrak gogorarazteko... polita da. Azpeitiko mendizaletasunaz ere hausnartzen hasi ginen, esaterako Josu Bereziartuak berak dituen ideiak edota bere bizipenak. Nahiz eta Annapurna IIko prestaketak bereziak diren, nik uste, mendizaletasunaren inguruko hausnarketak dituela eta horrek ere borobiltzen duela dokumentala.

-A.A.: Badago kanteran aipamen bat. Kanteran lehenengoz eskalatzen hasi ziren jendearenak, hor badago Azpeitiko mendizaletasunaren sorreraren inguruko esplikazio polit bat.

-Aurrerapenik?

-Y.A.: Batetik, polita da prestaketa eta nolakoak izan ziren ikusteko aukera. Zer ikusirik ez du gaur egungo espedizioekin, herritik sortutako espedizioa izan zelako. Bestetik, mendizaletasuna, eta batez ere, Azpeitiko goi-mendizaletasuna nolabait, Izarraitzeko kanteratik sortutakoa, pixka bat horren inguruko hausnarketa da. 'Ametsen harria'izena ere, kanteran bertan dago Loiola egiteko erabili zen kanteratik, bertan geratu zen harri bat da, eta harri horrtan eserita, zenbat abentura edota ideia sortu diren. Bertatik abiatuta zenbat ideia sortu diren.

 

Fotos

Vídeos