Passepartout eta Natali taldeek kontzertua eskainiko dute Sanagustinen

Itziar, Jontxu, Tomás, Ruben eta Xabik osatzen dute Passepartout talde azkoitiarra./
Itziar, Jontxu, Tomás, Ruben eta Xabik osatzen dute Passepartout talde azkoitiarra.

Arkupehotsak egitasmoaren baitan, gaur izango da emanaldia, 22:30ean | Bestalde, bihar, zapatua, Lemy River eta Anai taldeak ariko dira Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren baitan

ELI AIZPURU AZPEITIA

. Arkupehotsak egitasmoaren baitan soinu berrien plaza bihurtu ohi da Sanagustin aldiro eta gaur Passepartout eta Natali izango dira oholtza gainean. 22:30ean hasiko da emanaldia eta sarrera doan da.

Azkoitian musikaren inguruan elkartutako bost lagunek osatzen dute Passepartout taldea, Itzi Beitiak (teklak), Jontxu Apek (baxua), Ruben Lizarraldek (gitarra), Tomas Lizarazuk (gitarra eta ahotsa) eta Xabi Arrietak (bateria) hain zuzen ere. Esperimentazioa dute gustoko eta bost kantuz osatutako izen bereko diska kaleratu zuten estreinako. 2017an Gazteako maketa lehiaketako entzuleen saria irabazi zuten. 2018an, berriz, 'Sinergia' izeneko diskoa argitaratu zuten.

Natali, berriz, 2017ko udan sortu zen. Natali Izagirrek, bi urtez Estatu Batuetan barrena ibili ondoren, bere ezinegonak azaleratu nahian, Ixak Arruti usurbildarrarekin elkartu eta proiektu berri honi hasiera eman zion. Bakoitzak bere ibilbidean ikasitakoak elkarbanatuz, estilo ezberdinetako kantu bilduma osatu zuten. Horrela, 'Iparrorratzik gabe' kantua kaleratu zuten 2018ko otsailean.

Proiektuari bultzada eta osotasuna emateko asmoz, Gorka Mendizabal zarauztarra, Andres Insua patagoniarra eta Olaia Inziarte oronoztarrarekin batera taldea osatu zuten.

Iaz 'Garena' lehen diskoa grabatu zuten. Pop doinuak estilo desberdinekin uztartutako abestiak taularatuko dituzte gaur Sanagustinen.

Sarrera doan

Bihar, zapatua, berriz, Lemy River eta Anai taldeek kontzertua eskainiko dute Sanagustin kulturgunean Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren baitan. 19:00etan hasiko da emanaldia. Sarrera doan da.

Lemy River Peachy Joke taldeko liderra eta konpositorea izandakoak Bartzelona utzi eta bere taldekideekin itzuli da Euskal Herrira. Iban Martín 'Lemy', Mikel Benito (baxua), Joseba De Arriba (gitarra eta teklatuak) eta Roberto Granadok (bateria elektronikoa) osatzen dute taldea. Estilo oso desberdinak lantzen ditu. Pop, psikodelia eta elektronika kutsuak, esaterako.

Anai taldea, berriz, Astigarragan sortu den Power Duo-a da. Gari, ahotsetan eta gitarran, eta Iban baterian eta bigarren ahotsetan, osatzen dute. Energiaz betetako rock progresiboa aurkezten dute. 2018an aurkeztu zuten beraien lehen lana, 'Pentsatu, Eraiki' izenarekin. 7 abestiz osatuta. Orain, beraien diskoa berria prestatzen ari diren bitartean, hurrengo lanaren lehen singlea aurkeztuko dute, 'Eskerrikasko galtzaile' izenburupean.