Pablo Etxeberria igerilaria Espainiako txapeldun Gasteizko Master Txapelketan

Pablo Etxeberria, urrezko dominarekin. / IZARRAITZ I.E.
Pablo Etxeberria, urrezko dominarekin. / IZARRAITZ I.E.

Izarraitz Elkartekoek emaitza borobilak lortu dituzte, izan ere, Julen Lopetegi eta Haritz Elortzak ere podiuma egin dute txapelketa desberdinetan

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Asteburu ezin hobea izan dute Izarraitz Igeri Elkarteko kideek, kirol emaitzei dagokionean behintzat. Pablo Etxeberria Espainiako txapelduna da; Julen Lopetegi trialeta hirugarrena izan da Marbellan jokatutako Ironman 70.3 proban eta Haritz Elortza igerilariak, berriz, hirugarren postua lortu du Benidorm-en jokatutako Oceanman itsas zeharkaldian.

Gasteizko Medizorrotzako igerilekuan jokatu da Espainiako II. Iraupen Txapelketa, Master kategorian. Izarraitz Igeri Elkarteko Pablo Etxeberria 800 metro libreko proban onena izan da pre-master mailan (20-24 urte).

Julen Lopetegi, berriz, Izarraitz Igeri taldeko master taldeko triatleta da -Azkoitri trialoi klubeko kide ere bada-. Azpeitiar gazteak hirugarren postua lortu du asteburuan Marbellan jokatutako Ironman 70.3 proban. Distantzia erdiko triatloia da Andaluziako hiriko proba, hau da, 1,9 km igerian, 90 bizikletan eta 21 korrika, eta 18-24 urte bitartekoen mailan izan da hirugarrena, 4 ordu eta 27 minutuko denborarekin. Sailkapen nagusian 28. postuan helmugaratu zen Lopetegi.

Sailkapen honi esker, Frantziako Niza hirian ospatuko den Distantzia Erdiko Munduko Txapelketarako sailkatu da kirolari azpeitiarra.

Azkenik, Benidorm-en Oceanman itsas zeharkaldia jokatu da asteburuan baita ere. Izarraitz Igeri taldeko Haritz Elortzak 5 kilometrotako (half) proban parte hartu du eta erakustaldia eman du. Sailkapen orokorrean hirugarren postua lortu du eta bere kategorian, master 40an, bigarren postuan sailkatu da.

Amaitzeko, elkarteko igerilari gazteek ere 'saritxo' bat izan dute. Izan ere, Callellan stage-a egin dute. «50 metrotako igerilekuan entrenatzeaz gainera, bizikidetasun arloan ere esperientzia ederra izan dute», azaldu dute Izarraitz Igeri Elkartetik.