Olazko Ama Azpeitiko zaindari koroatu zuteneko 67. urteurrena bete da gaur

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOAZPEITIA.

Gaur egun handia da Azpeitiko herriarentzat. Izan ere, gaurko egunez, duela 67 urte, koroatu zuten Azpeitiko Zaindaria den Olazko Ama Birjina.

Garaiko idatziek diotenez, 25-30 mila lagun inguru bildu zen Loiolan Olazko Ama kanonikoki koroatzeko. Ama Birjinaren irudia Basilikako eskaileretan zela gotzain Jaime Font Andreu kataluiniarrak eta orduan herriko erretore zen Lucio Martínez Jauregik irakurri zuten Erromatik bidalitako 'Baimen agiria'. Parrokiako organo jotzaile Julian Barrenecheak egun honetarako sortu zuen 'Olazko Ama Birjiñari ereserkia' abestuz koroatu zuten. Ondoren, bizkarrean, kalez-kale ibili ostean, Parrokiara eraman zuten Amaren irudia, oinetan bi uso zituela -hanka bakoitzean bana-.

Egun handi hura bihar, hilak 22, gogoratuko du Azpeitiko parrokiak 12:30ean ospatuko den Meza nagusian eta udako etenalditxoaren ostean, Parrokiako abesbatza ere bertan izango da, egunari ohore eginez.

Parrokiatik herritarrak gonbidatu nahi dituzte ospakizun berezi honetan parte hartzera.