Nuarben, betirako!

Senideak, Udaleko ordezkariak eta eskulturaren egilea. Aurreskua eskaini zioten eta pilota partidak./
Senideak, Udaleko ordezkariak eta eskulturaren egilea. Aurreskua eskaini zioten eta pilota partidak.

Xiriako Gurrutxaga pilotari zenaren omenezko eskultura ipini dute frontoian | Urtea beteko da ostegunean Nuarbeko puntista-ohia hil zela eta jende ugari gerturatu zen igandean omenaldira

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Auzoko seme maitagarria/Ziriako Gurrutxaga/ gaztetandikan puntista gisa/ joan zen Ameriketara./Garaiko izar handienekin /partidak jokatu ahala/ta hogei urtez hainbeste tanto/ hainbeste pilotakada/Nuarbe izena zabaldu zuen/munduan lau haizetara.

Gaurkoan egin nahi genioke /merezi dun aitorpena/gure artetik joan zela bete baita /lehen urteurrena./Denen gainetik bihotz haundiko/pertsona zinen aurrena./Zenbat poztasun zabaldu duzun/urte hauetan barrena/Nuarbe auzoak ez du ahaztuko /zure izana eta izena.

Ongi baino hobeto azaltzen dute Haritz Garmendia azpeitiarrak pasa den igandean Nuarben egin zen ekitaldirako egindako eta Iñaki Altuna nuarbetarrak abestutako bertso hauek.

Izan ere, Xiriako Gurrutxaga puntista-ohia hil zeneko urtebetetzea zen eta data esanguratsuan, bere omenezko eskultura bat ipini dute Nuarbeko frontoian. Lagun min batek egindako lana da, Juan Mari Etxeberria beizamarrak, hain zuzen ere. Berarentzat izan zen ekitaldian lehen hitza. «Pentsamendu batetik iritzi da lan hau Nuarbeko frontoira», esan zuen, «ez da lan erraza izan, ez da bere kasa etorri baina bultzaka-bultzaka, hemen dago». Hori posible izateko, Azpeitiko Udalaren, Nuarbeko herriaren eta familiaren laguntza eskertu zuen egileak.

Patxi Gurrutxaga auzo-alkatea izan zen saioaren gidaria eta hark nabarmendu zuen Nuarbeko herritarren pilotariarenganako maitasuna. «Izugarri estimatua genuen Nuarben Xiriako. Zortea izan genuen jokatzen ikusi genuelako eta berarekin bizi izan ginelako. Kirolari bezala ona bazen ordea, askoz hobea zen gizon bezala», azpimarratu zuen frontoira bertaratu ziren dozenaka lagunen aurrean.

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak ere izan zituen esker oneko hi-tzak eskultura bistaratu baino lehen.

Xiriakoren alaba Mariak, hunkituta, eskerrak eman zizkien guztiei eta anekdota bat kontatzeko tartea ere hartu zuen, aita «nuarbetar-nuarbetarra» zela azaltzeko: «Txiki-txikitatik zestak egiten hasi zen; gero ere zesta aukeratu zuen eta azkeneko egunera arte ere, zesta eskuetan, perretxikutara joan zen».

Eskultura bistaratu zuten ondoren eta aurreskua dantzatu zuten familiako bi kidek.

Ilunpe elkarteko pilotari gaztetxoek partida jokatuzuten jarraian, Sarasua eta Egiguren Ziarsoloren eta Azkueren kontra aritu ziren eta estreinakoak irabazi zuten. Bertaratutako guztiek mokadua egiteko aukera izan zuten ekitaldia amaitzeko, soziedadean.

2012an inauguratu zen Nuarbeko frontoia eta Xiriako Gurrutxaga bera arduratu zen lehen sakeaz. Urte ba-tzuk geroago, pilotalekura gertura-tzen den orok Gurrutxagaren irudia izango du aurrez aurre Nuarben, betirako.

 

Fotos

Vídeos