Ekain Ibarguren: «Nire lekua zirkuan dago, garbi daukat mundu honetan jarraituko dudala»

Ibarguren, bere ikuskizunetako batean./GURE ZIRKUA
Ibarguren, bere ikuskizunetako batean. / GURE ZIRKUA

Datorren irailaren 5etik 14ra bitartean Gure Zirkua Azpeitian izango da eta bertan arituko da Ekain Ibarguren azpeitiarra

MIREIA GALARZAAZPEITIA.

Ekain Ibarguren (Azpeitia, 1996) alde batetik bestera dabil uda osoan malabarista lanetan. Izan ere, Gure Zirkua dela eta, Ibargurenek eta bere lankideek ia egunero eskaini dituzte emanaldiak inguruko hainbat herritan. Gainera, irailaren 5etik 14ra Azpeitian izango dira. Azpeitiarraren arabera, «plaza garrantzitsua» da beti etxean aritzea, eta «urduri» agertu da horren aurrean.

-Nola azaldu daiteke Gure Zirkuaren arrakasta?

-Orain arte inguruko herrietan ikusi ahal izan ditugun zirkuak ez dira bertakoak izan, eta horietako batzuk ere maila eskasa erakusten zuten. Orain, lehendabiziko aldia da zirku euskaldun bat bertako artistekin bira antolatuta herriz herri dabilena.

-Herri asko bisitatu gabe utziko dituzue, ordea.

-Bai. Horregatik saiatzen gara elkarren artean oso gertu egon gabe ahalik eta jende gehiena etor daitekeen herrietara joaten. Bizkaian egon gara, eta orain Gipuzkoan gabiltza. Hortik Iparraldera eta Nafarroara joango gara. Beraz, Azpeitikoa aukera polita izan daiteke hemen inguruan ikusi nahi gaituenarentzat.

-Zer dela eta hasi zinen zirkuan?

-Aspalditik jarraitzen nituen Poxpolo eta Mokolo pailazoak. Hala ere, mundu honetan mugitzen hasi nintzenean ezagutu nituen eta beraien azken emanaldietan parte hartzeko aukera izan nuen. Iker Galartza zen pailazoetako bat, eta bera da Gure Zirkua ekimenaren sortzailea; uste dut orduan fitxatu ninduela.

-Eszenatokira igotzen zaren lehen aldia al da?

-Ez. Txikia nintzela hasi nintzen antzerkian, eta hainbat urte egin nituen bertan. Hortik lagun batzuekin pailazo talde bat sortu nuen, eta ondoren nire bakarkako ikuskizuna prestatzen hasi nintzen. Gero, Katxiporretaren Pupu eta Lore ikuskizunean parte hartzeko aukera ere izan nuen, eta harrezkeroztik telebistan ere egon izan naiz, Hiruzpalau telesailean, hain zuzen ere. Hala ere, nire lekua zirkuan dagoela uste dut.

-Antzerkian ere ibilitakoa zara, beraz. Nola laburtuko zenuke etapa hori?

-Gaztea nintzen, eta batez ere ondo pasatzeko balio zidan. Hala ere, antzerkiaren bidez igo nintzen lehen aldiz oholtzara, eta ez da erraza jende aurrean egoten ikastea. Antzerkiak oholtza gainean dagoenaren eta publikoaren arteko harremana nolakoa den ikusteko balio izan dit.

-Eta etorkizuna?

-Ez daukat proiekturik. Hala ere, garbi daukat mundu honetan jarraituko dudala.