200 neska-mutilek hartuko dute parte Gabonetako saskibaloi topaketetan

AZPEITIA.

2008an jaiotako 200 neska-mutil inguru izango dira Azpeitian asteburu honetan Iraurgi Saski Baloiak antolatutako Gabonetako Topaketan. Gaur hasiko da, 10:00etan, kiroldegian zein Urola ikastolako kantxetan; eguerdian, San Agustinera joango dira bazkaltzera, eta arratsaldean lehen fasea amaituko dute. Igande goizean, berriz, finalerdiak eta finalak jokatuko dira.

Bederatzi talde izango dira nesketan, hiru multzotan banatuta. Kiroldegian jokatuko dituzte lehen faseko neurketak eta arratsaldean erabakiko da, Urolan, nortzuk jokatuko dituzten finalerdiak. Mutilei dagokienez, zazpi taldek hartuko dute parte, denek denen aurka jokatuko dute goiz eta arratsaldez, Urolan eta Kiroldegian, hurrenez hurren, igandeko finalerdiak helburu. Azken faseko finalerdiak kiroldegian izango dira 10:00etatik aurrera, eta finalak 13:00etan.Gainerako ohorezko postuen lehiak Urolan jokatuko dira 9:00etatik aurrera.