Munoaundi ezagutzeko bisita gidatua antolatuko da zapatuan

Aurreko bisita bat. /  UDALA
Aurreko bisita bat. / UDALA

Doakoa izango da eta interesatuak 11:00etarako agertu behar dira Azkoitiko Abaraxka aterpetxera

E.A.AZPEITIA.

Zapatuan Munoaundiko Burdin Aroko herri harresitua ezagutzeko aukera izango da, 11:00etatik aurrera egingo den bisita gidatuan. Bisita doakoa izango da, eta interesa dutenek 11:00etarako Azkoitiko Abaraxka aterpetxera azaldu beharko dute.

Ibilgailuak gailurrera iristeko

Bisitara doazenek, lehenik eta behin, 25-30 minutuko ibilaldi erraz bat egingo dute herri haserritura iritsi arte; han bisita gidatuaz gozatzeko aukera izango dute, eta ondoren, berriz, oinez bueltatuko dira irteera lekura. Bisita gidatura joan, baina oinez iristeko zailtasunak dituzten lagunentzat ibilgailuak izango dira Munoandira iristeko. Bisita gidatua, Aranzadi Elkarteko kide eta Munoandiko aztarnategiko arduradun den Antxoka Martinezek gidatuko du. Ibilaldiaren inguruko azalpenak elebitan emango dira; euskaraz eta gazteleraz. Bisitara doazenei mendiko botak edo mendirako zapatila egokiak, jaka eta ura eramatea gomendatzen zaie.

Aranzadi zientzia elkartea uztailaren 8an hasi zen Burdin Aroko herri harresituan indusketak egiten, eta uztailaren 27ra bitartean arituko dira lanean, ia uztaila osoan zehar, Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen aztarnategian.