Mikel Orbea garaile Debako XLVI Amaikak Bat lasterketan

Mikel Orbea, podiumean./
Mikel Orbea, podiumean.

Bestalde, afizionatuen mailan herritar Oier Ibargurenek bi podio lortu zituen igandean Memorial Valenciagan

AZPEITIA.

Albiste pozgarriak uzi ditu herriko txirrindularitzak asteburuan. Izan ere, zapatuan, Deban jokatutako jubenil mailako XLVI Amaikak Bat sarian garaipena lortu zuen Atracciones Sanz - Epi Kristaldegia taldeko Mikel Orbea azpeitiarrak. Bost lagunez osatutako eguneko ihesaldian sartu zen txirrindulari azpeitiarra eta pelotoiari ihesi egin zituen lasterketako kilometrorik gehienak. Ihesaldiak ez zuen inoiz pelotoiko txirrindulari indar-tsuenen baimenik izan eta gogotik saiatu behar izan zuten ateratako denbora tarteari eusteko. Azkenengo mendatera, Itziarko gainera, ihesaldia 40 segunduko abantailarekin iritsi zen. Bertan Orbeak bere iheskideak atzean utzi zituen eta bakarrik iritsi zen Deban kokatuta zegoen helmuga marrara.

Garaipenaz gain Orbeak mendiko saria ere irabazi zuen, Itziarko mendatean lehenengo postuan igaro baitzen.

Taldeko gainontzeko txirrindulariek postu onak lortu zituzten. Izan ere, Alex Uranga hamargarren eta Mikel Berasategi hamaikagarren postuan sartu ziren helmugan. Taldekako sailkapenean bigarren izan zen Atracciones Sanz - Epi Kristaldegia taldea, Urretxuko Bellota taldearen atzetik.

Igandean, aldiz, 48. Valenciaga Memoriala jokatu zen Eibarren, elite eta 23 urtez azpikoen mailan. Iñigo Elosegui(Lizarte) izan zen irabazlea baina Oier Ibarguren azpeitiarrak lasterketa bikaina burutu zuen. Baqué taldeko herritarrak tarteko helmugako saria eta konbinatuaren saria jaso zituen 170 kilometroko proba esanguratsuan.

Duatloian ere bai

Bestalde, distantzia erdiko duathloi txapelketa jokatu da Santo Domingo de la Calzadan (Errioxan) eta bertan lehiatu dira Azkoitiko Triatloi taldeko hainbat kide. Julen Lopetegi azpeitiarra, 23 urtez azpikoen mailan, lehena izan da eta taldekide Andoni Aranaga, berriz, bigarrena, beteranoen mailan.