Azpeitia
86 mendizalek hartu dute parte Gasteizera bitarteko lehen etapanLarunbatean ekin zion Lagun Onak mendi bazkunak aurtengorako prestatu duten egitasmoari; 7 etapatan iritsiko dira Gasteizera
Indartsu hasi da Lagun Onak mendi bazkunak aurtengorako prestatu duen egitasmo nagusia. Azpeititik Gasteizera zazpi etapatan iristea da asmoa eta estraineko honetan 86 mendizale elkartu dira.
Lehen zati honetan, Zumarragarainoko bidea egin dute. 30 kilometroko ibilaldia da eta 1.600 metroko desnibel positiboa du. Izarraitz Birako bidetik Otarrera igo ziren estreinako, eta handik Zazpi Kurutze Mendi Martxako ibilbidea jarraitu zuten mendizaleek. «Aldeko eguraldia lagun, etxetik gertu ditugun natur gune eta paisaia ederrez gozatzeko aukera eskaini zuen txangoak», esan dute antolatzaileek.
Behin estreinakoa eginda, bidea jarraitu beharko dute partehartzaileek. Martxoaren 15ean izango dute hurrengo hitzordua.
Etapaz etapa
Bigarren etapan, Arranoaitz mendia igoko dute, eta Udanatik pasatu ostean Zegamarako bidea egingo dute parte hartzaileek, Aizkorriren magaletik. Mendi hau hirugarren etapan igoko dute, eta ondoren Arantzazun amaituko da eguneko txangoa.
Laugarren etapan Arabako lurretan sartuko dira mendizaleak, bidean Andarto eta Degurixa bezalako paraje ezagunak zeharkatu ostean. Landako urtegian amaituko dute eguna.
Bosgarren jardunaldian Otxandiorako bidea egingo dute, tartean Anboto gailurrera igota.
Seigarren etapan, berriz, Gorbea izango da protagonista, eta mendi hau egin ostean Murgiara jaitsiko dira parte hartzaileak. Azkenik, Murgia-Gasteiz izango da azkeneko etapa. Urriaren 18an amaituko dute zeharkaldia.