McEnroe eta Mow taldeek kontzertua eskainiko dute Sanagustin kulturgunean

McEnroe taldearen aurkezpen irudia./
McEnroe taldearen aurkezpen irudia.

Gainera, igandean, kultur ekitaldiek protagonismoa izaten jarraituko dute eta Ehuna, Sanagustinen, eta k-Baret, Soreasun, izango dira

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Azpeitia eredu bilakatzen ari da kultur ekitaldiei dagokionean eta datozen egunotan ere ez da faltako kontzerturik edo antzerki saiorik, besteak beste, Sanagustin kulturgunean edo Soreasu antzokian. Honela, bihar, zapatua, McEnroe eta Mow taldeen emanaldia hartuko du Sanagustinek. Aspaldian taula gainetik at mantendu ostean, McEnroe talde bizkaitarrak 'La distancia' azken lana aurkezteko bigarren kontzertua eskainiko du, 23:00etan hasita. Apirilean aurkeztu zuten Bilboko Fnac-en diskoa eta Valentzian eman dute kontzertu bakarra orain arte. Azpeitikoa izango da, beraz, Euskal Herrian emango duten lehen kontzertua. Alboan izango dute Mow musikari madrildarra.

McEnroe pop-rock alternatibo, lasai eta melankolikoa jorratzen duen taldea da. Intimista eta poetikoa da beren musika. Taldea 2002an sortu zen, azken diskoa 2016an argitaratu zuten, eta momentu hauetan grabazio estudioan daude.

Mow izenaren atzean Gabriela Cañas bakarlari madrildarra dago. Lehen diskoa atera berri duen arren, denbora gutxian estatu mailako ahots interesgarrienetako bat bihurtu da. Bere ahots eta melodietan sentsibilitatea eta hauskortasuna determinazioa eta indarrarekin elkarbizi dira. Mowren ahots misteriotsuak 90eko hamarkadetako Naiwa Nimri dakarkigu gogora.

Aurrez, 13 euroan eros ahal izango dira sarrerak, eta egunean bertan, 16 euroan izango dira salgai.

Haurrei zuzenduta

Igande eguerdian, 12:00etan, haurrentzat dantza ikuskizuna izango da Sanagustinen. 'Ehuna' izenburupean Teatro Paraisok eta Dantzaz Konpainiak elkarlanean sortu duten lana da 1 eta 5 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Cristobal Balentziaga jostunaren unibertsoa da txikientzat egin den sormen-lan honen abiapuntua. Gorputza, oihal, ehun eta jantzien bidez, mugimenduarekin nola erlazionatzen den aztertzen da.

Sarrerak dagoeneko salgai daude Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustinen, bost euroren trukean. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira.

Igandean, antzerkia

Bestalde, igandean baita ere antzerkia, dantza eta musika uztartzen dituen Bigoterik Gabe antzerki taldearen K-Baret azken lana ikusteko aukera izango da, Soreasu antzokian, 17:00etan hasita. Sarrerak 6 euro balio du.

Urteak itxita daramatza Dumontarren kabaret zaharrak baina Rose eta Juliettek ateak berriro irekiko dituzte. Lokal honetan hainbat artista arituko dira bezeroen egonaldia arintzen. Baina artista hauen egonaldia ez da batere arina izango. Teilatu desberdinen azpian jaioak eta berdinaren azpian elkartuta, euren biziak, ametsak eta ametsgaiztoak elkarbanatuko dituzte. Argiak eta itzalak. Agurrak eta ongietorriak. Enkajea, lentejuelak eta ezpain gorriak. Bertan emango diren tirabiren testigu izango da ikuslea, Cedric Flamcourtek gidatuta.

Bachata, kizomba...

Azkenik, gaur, ostirala, maiatzak 3, areto dantzek hartuko dute Sanagustin kulturgunea, 23:00etatik aurrera. Salsa, bachata, kizomba eta txa-txa-txa doinuak gustuko dituztenek, dantzan egiteko aukera polita dute.