«Marka bat sortzeak inbertsio handia eskatzen du denbora nahiz diru aldetik»

Mikel Izurieta, berak sortutako kamisetarekin./
Mikel Izurieta, berak sortutako kamisetarekin.

Ingurumenarekin eta lan baldintza duinekin konprometituta, beste pauso bat eman nahi izan du azpeitiarrak Mikel Izurieta T-WILD markaren sortzailea

MIREIA GALARZAAZPEITIA.

Mikel Izurieta (Azpeitia, 1996) aldaketaren adibide garbi bat besterik ez da. 23 urterekin kamiseta marka bat sortu berri du, ingurumenarekin eta produkzioan zehar lanean dabiltzanekin jasangarria dena, T-WILD. Momentuz salmentak «ondo» doazela dio azpeitiarrak, baina egiteko dagoena «asko» dela gaineratu du.

-Nondik dator proiektua?

-Unibertsitatean nengoela hitzaldi bat entzutera joan nintzen. Hasieran fast food fenomenoari buruzkoa izango zela pentsatzen nuen, baina nire sorpresarako, ehungintza industriari buruzkoa izan zen. Bertan jabetu nintzen arropa merkea eta azkarra ekoizteak nolako eragina duen ingurumenean, eta hori aldatzeko beharra sentitu nuen. Orduan, gaiari buruz gehiago ikertzen hasi nintzen, eta nire aldetik ere jarri nezakeela iruditu zaitzadan. Beraz, T- WILD sortu nuen.

-Gaztea eta marka bat. Ez al da konbinazio zaila?

-Marka bat sortzeak inbertsio handia eskatzen du, bai denbora eta bai diru aldetik. Ez daukat lan esperientzia handirik, eta, beraz, ezta inbertitu dezakedan diru askorik ere. Gainera, bakarrik egiten dut lan, eta unibertsitatea amaitu berritan inor gabe lana egitea ere ez da batere erraza. Bestalde, kamisetak eskuartean eduki arteko prozesua luzea da eta pazientzia eduki behar da denbora guzti horretan. Alabaina, gauzak aldatzeko gogotsu nago.

-Zer dela eta T-WILD?

-'T' hizkia T-shirt hitzetik dator (ingelesez, kamiseta); wild hitzak, aldiz, basati esan nahi du ingelesez. Naturarekin erlazionatuta ere badago, eta iruditzen zait baduela nire markaren izaerarekin zerikusirik. Gainera, epe luzeko helburua da marka garrantzitsu bat izatea, eta mundu osoak uler dezakeen izen bat hautatu nahi nuen; ingurukoei ere galdetu nien ea gustatzen zitzaien eta baietz esan zidaten.

-Zein da zure markaren berezitasuna?

-Marka bat baino gehiago, komunikazio proiektu bat ere bada T-WILD, eta, horrenbestez, jendeak nire kamisetak ikustean balore eta ideia batzuekin lotzea nahi dut. Horretarako, nire marka ehungintzak talka gehien daukan guneetan eragiten saiatzen da: ingurumena, produkzioa eta kontsumoa. Kamisetak fabrikatzeko ez da erabiltzen ingurua kutsa dezakeen materialik, guztiak baitira jasangarriak. Gainera, prozesuan zehar kamisetak egiten dituztenen gutxiengo lan baldintza bermatzen dira. Orain, azken pausoari ari naiz buelta gehien ematen, hau da, kontsumoari. Nire asmoa ez da kamiseta pila bat merkaturatzea, horrek ere ardurarik gabeko kontsumoa dakarkielako. Asmoa, besteak beste, nire markaren balore berak dituzten eragileekin produktuak sortzea da elkarlanean.

-Zu eta modaren arteko harremana aldatu egin al da?

-Bai, erabat. Moda betidanik gustatu izan zait, baina lehen ezer pentsatu gabe erosten nuen. Ez zitzaidan hainbeste axola atzean egon zitekeena, eta horregatik nenbilen beti produktu berrienak begiratzen. Orain, aldiz, askoz ere kontsumo arduratsuagoa dut, eta saiatzen naiz atzean dagoena aztertzen.

-Zein da zure kamiseten erakusleihoa?

-Momentuz, nire asmoa Internet bidez saltzea da, errazagoa eta merkeagoa baita. Hasiera da, eta dendetan saltzeak irabazi marjina gutxituko lidake. Hala ere, gustatuko litzaidake hainbat denda txikitan nire proiektua azaldu eta bertan kamisetak saltzea. Izan ere, dendetan aurrez aurre ikus daitezke kamisetak. Hala ere, kontsumoa asko ari da aldatzen eta, Interneten ondorioz, oraindik aldaketa asko ikusiko ditugu.

-Eta konpetentzia?

-Zaila da merkatuan lekua egitea, baina egin daiteke. Izan ere, geroz eta jende gehiagok bilatzen du pertsonen gutxiengo lan baldintzak bermatzen dituen eta ingurumenarekin jasangarria den arropa, eta dauden ohiturak ikusita, esfortzu handia izango litzateke enpresa handientzat aldaketa hori egitea. Aldiz, marka txikiak %100 koherenteak izan gaitezke egiten eta esaten dugunarekin. Hala ere, ezin da ahaztu estetika ere badela moda, eta produktuek publikoaren gustokoak izan behar dutela.