93 lagunek hartu dute parte Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko 3. etapan

Ohitura duten bezala, taldeko argazkia atera zuten hirugarrengo etapa honetan ere. /  LAGUN ONAK M. B.
Ohitura duten bezala, taldeko argazkia atera zuten hirugarrengo etapa honetan ere. / LAGUN ONAK M. B.

Iurreta eta Otxandio arteko 21,5 kilometroak burutu zituzten pasa den zapatuan eguraldi bikainarekin

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Arrakasta du Lagun Onak Mendi Bazkunak gidatutako 2019an burutzen ari diren egitasmoak: Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea, GR38a bezala ezaguna dena, egiten ari dira zortzi etapetan. Hirugarrena egin zuten pasa den zapatuan eta 93 lagunek hartu zuten parte. Iurreta eta Otxandio arteko 21 kilometro eta erdi egin zituzten eta eguraldi bikaina izan zuten gainera. Hala adierazi dute Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek. «Iurretan kantari ekin genion ibilaldiari; Hazparneko lagunek duten kanturako grina medio Iurretako Aita San Migeli koplak abestu genizkion plazan», esan dute.

Durangora joan ziren handik eta Mañariara gero. Urkiola igo zuten ondoren «bakoitzak ahal zuen erritmoan, eta inguruko paisaiaz gozatuz».

«Erraz» egin zituzten gero Urkiolatik Otxandiora bitarteko 9 kilometroak, basoetan zehar. 14:30 ingururako Otxandion ziren partaide denak. Herriko plazan argazkia atera zuten aurrena eta bazkaldu eta herria ezagutzeko aukera izan zuten.

Apirilaren 13an izango da hurrengo etapa, Otxandio eta Urbina artekoa. 17,5 kilometro izango ditu eta mendizaleen elkartetik adierazi dutenez, «erraza eta polita» da.

Zortzi etapatan egingo dituzte Ardoaren eta Arrainaren ibilbidearen 166 kilometroak mendizale azpeitiarrek; urtarriletik ekainera bitartean hilero bana egitea aurreikusita dute, eta irailerako eta urrirako utziko dituzte azken biak.

Urtarilaren 26an hasi ziren eta dagoeneko Bermeotik Otxandiora bitarteko ibilaldia egin dute. Beste bost dituzte aurretik.