Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Mendi Astea hasiko da bihar

AZPEITIA.

Bihar, astelehena, hasiko da urtero Lagun Onak mendi bazkunak antolatu ohi duen Mendi Astea. Goi mendizaletasunari lotutako hitzaldiak eta ikus-entzunezkoak izango dira protagonistak; omenaldi bat eta liburu aurkezpen bat ere izango dira Mendi Astearen barruan.

Bihar, hilak 10, ekingo diote egitarauari, Ainhoa Lendinezen hitzaldiarekin. Mendizale elgoibartarrak 'Pyrenees Slage Run' proba egin zuen joan den abuztuan. 240 kilometro eta 15.000 metroko malda positiboa duen proba da eta zazpi etapa ditu. Esperientzia hark utzitako bizipenak azalduko ditu protagonistak berak Lagun Onak mendi bazkunaren egoitzan. 21:00etan hasiko sa solasaldia.

Asteartean, abenduaren 11n, 'Al filo de lo imposible' saioan parte hartu zuten euskal mendizaleei omenaldia egingo diete Soreasu antzokian (20:30). Sebastian Alvaro proiektuaren sortzaile eta zuzendariak aitortza egingo die saioan parte hartu zuten euskal mendigoizaleei. Besteak beste, Soreasun izango dira Javier Alondo, Juan Jose San Sebastian, Edurne Pasaban, Juanito Oiarzabal, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Iker Pou, Eneko Pou, Josu Bereziartua, Alex Txikon, Iñaki San Vicente, Edu Etxeverria, Adolfo Medinabeitia eta Pitxi Eguillor, baita proiektuan parte hartu duten beste hainbat lagun ere. Ondoren, Sebastian Alvarok eta Jose Mari Azpiazuk argitaratu berri duten 'La vida en el limite de la vida' liburua aurkeztuko dute. Ekitaldia irekia eta doakoa izango da.

Asteazkenean, hilak 12, Kotoizko zaindariak film laburra aurkeztuko du Joseba Elustondo mendizaleak. Emanaldi-solasaldia Lagun Onak mendi bazkunaren egoitzan izango da, gaueko 21:00etan hasita.

Ostegunean, hilak 13, bukatuko da aurtengo Mendi Astea, 'Aralar. Mundua leku den lurra' izeneko film dokumentalaren emanaldiarekin. Aralarreko natur eta kultur ondarearen leihoa da ikus-entzunezkoa, eta hausnarketarako zein gogoetarako bidea zabaltzen du. Soreasu antzokian eskainiko dute dokumentala, 21:00etan hasita. Sarrera bost euro ordaindu beharko da.

 

Fotos

Vídeos