Azpeitia
70 lagun inguru bildu dira Domusa Teknik lasterketarako lehen entrenamendu saioanOihana Azkorbebeitia korrikalariak gidatu zuen saioa eta Txalintxo, Munoaundi eta Oñatz inguruetan 15 km.-ko ibilaldia egin zuten
Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketen antolatzaileek sustatuta, hasi dira aurtengo lasterketetarako prestatzeko antolatu dituzten emakumeei zuzendutako entrenamendu saioak. Pasa den zapatuan egin zuten estrainekoa eta beste behin deialdia arrakastatsua izan zen. 70 bat lagun elkartu ziren goizean goiz eta aurrez esan bezala «ibilbide gozo samarra» izan zuten aurretik. Txalintxo, Munoaundi eta Oñatz inguruko buelta izan zuten lehen irteera honetan Oihana Azkorbebeitiaren gidaritzapean. Amaieran, hamaiketakoa egiteko aukera izan zuten irteeran parte hartu zuten guztiek. Gainera, hainbat zozketa ere egin zituzten, eta Garagardo Azokan bazkaltzeko aukera ere ipini zieten antolatzaileek, hala nahi izan zutenei.
Behin hasiera emanda, hurrengo hilabeteetan, Domusa Teknik lasterketa baino lehen, hainbat saio izango dira aurretik. Honela, abenduaren 13an, Efikeko Julen Ansoalderen eta Josu Larrañagaren hitzaldia antolatu dute.
Gero, urtarrilaren 10ean, Ainara Urrutia mendi lasterkaria izango da Azpeitian, entrenamendu saio berri bat gidatzen eta azkenekoa otsailaren 21ean egingo da, Jomako taldekideekin.
Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketak datorren maiatzaren 9an izango dira. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da jada eta aurrekoetan izandako arrakasta ikusita eta denei aukera berdinak emateko, inskripzioa egiteko bidea aldatu dute eta zozketa bidez izango da aurten. Bihar, azaroak 5etik 11ra bitartean, eman daiteke izena (www.kronoak.com) eta ondoren, zozketa azaroaren 14an, 18:30ean, izango da, Azpeitiko udaletxeko areto nagusian.
40 MLK proba luzerako 550 dortsal izango dira aukeran eta 15 MLK lasterketarako, 400. Horietatik 200 emakumeentzat eta beste 200, gizonentzat, proba parekidea izan dadin.