'Laburbira' zirkuituko bederatzi film labur eskainiko dira gaur, Soreasun

21:00etatik aurrera, sortzaile gazteen lanak eta esperientzia luzeko zuzendarienak ikusteko aukera izango da

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Hamaseigarren edizioa du aurtengoa 'Laburbira', euskarazko film laburren zirkuituak. Martxoaren 20az geroztik -eta zapatu honetara bitartean- 35 herrietan zehar izango dira «euskarazko zinegin- tzaren dosi txiki eta fresko» hauek, antolatzaileen esanetan. Honela, gaur, asteazkena, iritsiko dira Azpeitira. Soreasu antzokian, 21:00etatik aurrera, lan askoren artean aukeratutako bederatzi film laburrekin osatutako proiekzioa eskainiko da. Emanaldia doan izango da.

Lan guztiak 2016 eta 2018a bitartean egindakoak dira: maitasun istorioak, tentsio bizikoak, bi animaziozko lan, iraganeko kontakizunen bat, Behe Nafarroko istorio bat, majia, intriga eta umorea dira, besteak beste, aurtengoek dakartena.

Sortzaile gazteen lanak dira gehienak eta esperientzia luzeko zuzendarienak beste batzuk. Bederatzitik zazpi emakumeek zuzendutakoak. Denak uztartuta, ordubeteko proiekzioa osatu dute; «kalitatezkoa eta dibertigarria», euskarazko film laburren zaleei merezi duten gozatua emateko.

Honako hauek dira eskainiko diren film laburrak: 'Begi ninien koreografia' (Arrate Fernández), 'Shell phone' (Miren Mujika), 'Zapatak' (Irati Murua), 'Ama' (Josu Martínez), 'June' (Arantza Ibarra), 'Ilunpean' (Iker Maguregi eta Andrea Martínez), 'Erroak' (Ane Zuazubiskar), 'Hotzean garbitu' (Maddi Barrenetxea eta Marta Teijeira), eta 'Handiak eta Txikiak' (Laida Ruiz).

Gainera, Marta Teijeiraren 'Ho- tzean garbitu' film laburraren zuzendariaren solasaldia izango da emanaldien ostean. 'Hotzean garbitu' Marta Teijeira (Tolosa, 1994) eta Maddi Barrenetxearen (Algorta, 1994) lana da. Bi ezezagun garbitegi batean aurkitzen dira. Hauen erlazioa garbigailuaren erritmoarekin parekatzen da. Hasieran, beraien arropa garbigailuan sartuko dute. Bata besteari hitzik esan ez arren, haien barne pentsamenduak aireratuko dituzte. Poliki-poliki behartua izan den elkarrizketa hori arintzen joango da, haien arteko desioa areagotuz.

Azkenik, aurtengo 'Laburbira' zirkuituko ikus-entzule guztien artean nekazal turismo batean asteburu pasa bat zozketatuko da.