Kultur mugimendua aberastuko duten zazpi proiektu diruz lagunduko dira

2018ko Sorkuntza Beka jasoko duten egileak Udaleko eta Kultur Mahaiko ordezkariekin.
/E.A.
2018ko Sorkuntza Beka jasoko duten egileak Udaleko eta Kultur Mahaiko ordezkariekin. / E.A.

Udalak eta Kultur Mahaiak Sorkuntza Bekak eman dituzte eta aurkeztutako 15 proiektutik 7 izan dira aukeratuak

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Osasuntsu dago kultur mugimendua Azpeitian. Hala ere, «mugimendu hori aberastea eta oinarriak sendotzea» garrantzitsua da etorkizunerako. Hala uste dute behintzat Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak. Hori dela-eta abiatu zuten 2016an Sorkuntza beka, azaldu du Josu Labaka kultura batzordeburuak, «sorkuntza bultzatzeko eta sortzaileei beraien obra sortzeko laguntza ekonomikoa emateko» helburuarekin.

Hamar proiektu aurkeztu ziren estreinako deialdi hartara eta bost lagundu ziren diruz, 6.000 euro denen artean. Iaz, ordea, diru partida bikoiztu zuten. Honela, 2017. urtean, 12.000 euro bideratu zituzten Sorkuntza Bekara, eta diru-laguntzak zortzi proiekturen artean banatu zituzten. 2018an ere kopuru berdina banatu dute. 15 proiektu izan dira oraingoan epaimahaiak aztertu beharrekoak eta 7 aukeratu dituzte.

Euskarazko proiektuak izateaz gainera, «genero ikuspegia kontuan hartzen dutenak eta disziplina desberdinekoak» direla azaldu Ainara Larrañaga zinegotziak. Bestalde, Sorkuntza Beka sortzaileentzat «erreferente» izatea nahi dutela esan du Olatz Prat Kultur Mahaiko lehendakariak. Honen esanetan, Kultur Mahaian ateak zabalik daude. «Sortzaileek atea jo dezaketen leku bat izatea nahi dugu; sortzaileentzat erreferente eta babesleku bat».

Laguntza jaso duten proiektuek urtea amaitu aurretik bukatu beharko dituzte beren lanak. Gero, Azpeitian eta jendaurrean aurkeztu beharko dituzte.

Honakoak dira 2018ko beka jasoko duten zazpi proiektuak:

Korosagasti filma

Beizamako Korosagasti baserrian gertatutako krimenak kontatuko dituen filma da Korosagasti, eta sorkuntza beka jasotzen duen bigarren aldia da aurtengoa. 2.200 euroko diru-laguntza jasoko du. Herriko bi gidoilarik, Miren Gorrotxategik eta Alaitz Olaizolak, sortu zuten gidoia eta, orain, bigarren fase batean, grabaketari ekingo diote. Asier Sustaeta Erabaki Produkzioakeko kideak azaldu duenez, «urriaren bukaera aldera» hasiko dira grabaketa lanekin, eta martxoa iristerako amaitzea aurreikusten dute. «Elkarlana eta herrian ditugun disziplina desberdinak batzen» dituen proiektua da.

Lekaime film laburra

Xanti Rodriguezek zuzendutako film laburra da eta 2.124 euroko diru-laguntza jaso du. «Magia beltza eta fantasia» kutsua duela filmak azaldu Rodriguezek, Azpeitia inguruetan grabatuta. «Postprodukziorako» balioko diola bekak esan du eta Sorkuntza Beka bezalako laguntzek «aurrera egiteko gogoa» ematen dutela gaineratu du.

Kuraiosa dokumentala

1.476 euroko diru-laguntza jasoko du Kuraiosa dokumentalaren proiektuak. Nora Alberdi azpeitiarrarena da. «Emakumeen ahalduntzea» du xede Alberdik landuko duen lehen dokumental honek. Adin ezberdinetako hamaika emakume elkarrizketatuko ditu «emakume bezala bizi dituzten sentipenez» mintzatzeko eta «elkarrizketa horietan oinarritutako performanceak» jasoko dituela azaldu du egileak.

Artista Liburua

Leire Arenasek aurkeztutako proiektua da Artista Liburua eta 1.000 euro jasoko ditu. «Irudigintzatik abiatuta osatutako koaderno bat» osatu nahi du azpeitiarrak.

Zirko Soziala

1.600 euroko diru-laguntza jasoko du Garazi Agirre azpeitiarrak sortuko duen Zirko Soziala proiektuak. «Zirkoa ahalduntzeko erreminta bezala herri mailan jendeak erabili dezan espazioak sortzea» da asmoa.

Kaluse taldearen diskoa

2.000 euro jasoko ditu Ibon Guerrak eta Unai Martinezek osatzen duten Kaluse taldearen proiektuak. «Oraindik ez dakigu esperimentuak zertan amaituko duen», dio Guerrak. «Inprobisazioarekin esperimentatzeko eta musikarekin jolasteko» materiala erosteko erabiliko dute jasotako diru-laguntza. Honela, beren kabuz grabatu nahi dute aterako duten hurrengo diskoa. «Grabaketa estudio mugikor bat» muntatzea, eta grabaketak «leku desberdinetan» egitea nahi dutela aurreratu du Guerrak.

Kaiera liburuxka

Txakur Gorria sormen kolektiboko taldearen proiektua da Kaiera liburuxka eta 1.600 euroko diru laguntza jasoko dute Sorkuntza Bekatik. Malen Amenabar larrabetzuarrak, Mariñe Arbeo urretxuarrak, Nerea Ibarzabal markinarrak eta Ane Labaka lasartearrak osatzen dute Txakur Gorria. Autoedizioaren aldeko apustua egiten dute. «Hitzak eta ilustrazioak» uztartuko dituzte liburuxkan. «Elkarri pasatuz» joango gara liburuxka Kaiera osatu arte, azaldu dute egileek.

 

Fotos

Vídeos