«Kolonbiara bakea iritsi dela esatea gehiegi esatea da»

Jon Artano zestoarra Sanagustinen hizlari. /  MUNOANDI
Jon Artano zestoarra Sanagustinen hizlari. / MUNOANDI

Jon Artano kazetaria Hego Amerikako herrialdeaz aritu zen Sanagustinen

A.S. AZPEITIA.

Kolonbiaren egoeraz eta bertan bizitako esperientziaz hitzaldia eskaini du Azpeitian Jon Artano kazetari zestoarrak 'Bakearen korapiloak' izenburupean. 2016ko irailaren 13an Bogotan lur hartu eta handik hiru egunetara oihanean zen Jon Artano FARCeko gerrillariekin solasan, haien egunerokotasunaren lekuko. «Xelebrea, absurdoa edo surrealista da, baina Kolonbian taberna bat zapaldu aurretik, FARCen kanpaleku batean nengoen gerrillariekin bizitzen». Hango bake prozesua puri-purian zegoen unean iritsi zen Artano, giroa gaiztotuta zegoela eta jazoerak asimilatzeko denborarik gabe gertatzen ziren egunetan.

Kolonbiara iritsi zen unetik lan-martxa frenetikoa izan du berriemaileak. Mende erdia baino gehiago iraun duen gatazka armatuari amaiera jartzeko asmoz, Cartagena de Indiasen sinaturiko bake itun historikoaren berri ematea suertatu zitzaion heldu eta egun gutxi barru. Juan Manuel Santos presidenteak bultzaturiko plebiszitua etorri zen ondoren. Herritarrei galdetu zitzaien Habanan adosturiko bake akordioa babesten zuten ala ez.

Uste guztien kontra, ezezkoa atera zen. «Gau hartakoa izan dudan esperientziarik txokanteena izan da. Kalera atera nintzen eta inoiz ahaztuko ez ditudan hiru elkarrizketa egin nituen. Gazte talde bat eta bikote bat bakearen bandera zuria arrastaka zutela ikusi nituen. Hunkigarria izan zen. Neure buruari esan nion, normala, 50 milioi biztanle ditu Kolonbiak eta 50.000 bakarrik joan dira bozkatzera eta erdiek baino gehiagok ezezkoa eman dute gainera...». Ezezkoa emateko mila faktore egon zitezkeela uste du, horien artean, ezezkoen aldekoek egindako «kanpaina zitala baina eraginkorra», gerrillariei emateko laguntza, gutxieneko soldataren %80a, hain zuzen, edota beligerantzia mailaren jaitsiera. «Hirietakoek gerra telebistan ikusten zuten. Benetan gerra pairatzen zutenak baiezkoaren aldekoak ziren».

Kontutan hartu behar da Kolonbiak ez duela bakerik ezagutu azken hamarkadetan. Gerrari hasiera jartzekotan, Artanoren hitzetan, 1964an jarri ohi zaio. FARC eta ELNren sorrerarekin batera. «Biolentzia beti egon da presente. Gatazka modernoaren sorrera 1948an, Jorge Eliecer Gaitanen erailketarekin lotzen da. 'El Bogotazo' deitzen diote. Bogotá erre egin zuten eta hurrengo urteetan sortu ziren geroko gerrillak izango zirenen ernamuinak». Bortxakeria historia 1964a baino lehenagotik datorrela dio kazetariak. 8.000.000 biktima eragin ditu gerrak. 220.000-240.000 hildako eta milaka eta milaka desagertu, desplazatu... Bi Kolonbia daudela dio Artanok. Hirietakoa eta landa eremutakoa. «Eta horrek denerako balio du».

Injustizia, gatazka eta narkotrafikoa desagertu ez arren, Kolonbia «herrialde zoragarria» dela dio Jon Artanok. «Han umeek ez dute negarrik egiten», Sanagustin kulturgunean azaldu zuenez.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos