San Juan bezperan ohi bezala, suaren bueltan festa egingo da gaur, Plazan

Itsasi Euskal Kultur Taldeak antolatutako ekitaldia 22:00etan hasiko da

AZPEITIA.

Urtero egin ohi den bezala, gaur, San Juan bezpera, jai giroa izango da Azpeitiko plazan ere. Urrestillan eta Oñatzen ere festetan daude eta bi auzoetan piztuko dute sua. Azpeitiko plazan, azken urteetan ohi bezala, Itsasi euskal kultur taldeak antolatuta, sua ta dantzak izango dira , 22:00etatik aurrera.

San Juan doinua ez ezik, beste hainbat dantza ere egingo dute Itsasiko dantzariek eta erritarrek ere dantzarako aukera izango dute.

Urrestillan egun handia izan ohi da San Juan bezpera. Bertako festen ikurra den zuhaitza sartu ohi dute plazan eta honekin batera sua piztu ere. Gauerdian izango da zuhaitzaren zeremonia eta ordu erdi beranduago piztuko dute sua. Aurretik, egunean zehar beste hainbat ekitaldi izango dira. 13:00etan, herri kirol saioa dago eta arratsaldean poteoa egingo dute pregoiaren eta festen hasierako suziarekin aurretik. Herri afaria izango da gero.

Oñatzen ere San Juan bezpera ospatuko dute eta suaz gainera, eguerdian herri kirol jaialdia izango da eta ondoren, trikitilariek alaituko dute goiza.