Joxe Takolo bekara aurkezteko epea hilaren asteartean amaituko da

Goi mendizaletasunari lotutako proiektuak izan behar dira eta Udalak, Lagun Onakek eta Federazioak bultzatzen dute deialdia

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO AZPEITIA.

Goi mailako mendiko egitasmoak bultzatzeko helburuarekin, beste urte batez, zabalik da Joxe Takolo, azpeitiar mendizale zenaren omenezko beka. Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak antolatu ohi dute eta hurrengo asteartean, hilaren 30an, baino lehen aurkeztu behar dira goimendizaletasunari lotutako proiektuak. 3.000 euroko dirulaguntza banatuko da.

Aurtengo deialdiko proiektuak baloratzeko irizpideak honako hauek izango dira: egin nahi den jardueraren kalitatea; entitateak bere jarduera-eremuan agertu duen ibilbidea, jarraipena eta egonkortasuna; partaide kopurua, jardueraren iraupena eta zabalkundea; jardueraren finantzazioa; jarduera antolatzeko azpiegitura eta giza baliabideak; kirol eta gizarte arloan jarduera horrek duen interesa; antzeko kirol programa edo eskaintzarik ez egotea; eta jarduera hori kualifikatutako pertsonal teknikoak garatzea.

Indarberrituta

2016an inflexio puntu bat izan zuen bekak, eta Lagun Onak Mendi Bazkunak jaso zuen diru-laguntza, «inguruotako mendi zaletasuna ikertzeko eta hori sustatzeko», helburuarekin. Horren ostean, 2017an, indarberrituta egin zuten beka deialdia.

Azken bi deialditan, 'Nun dago Nun' (2017an) eta Drangnag-era espedizioa (2018an) izan ziren Joxe Takolo bekaren onuradunak. Proiektuak Udaleko Erregistroan aurkeztu beharko dira.