San Jose jai jendetsuak Loiolan

Aitzol Arregi loiolatarraren astoek hartu zuten parte lasterketan, auzoko lau lagun gainean zirelarik. / E. A.
Aitzol Arregi loiolatarraren astoek hartu zuten parte lasterketan, auzoko lau lagun gainean zirelarik. / E. A.

Asto lasterketa izan zen patroiaren eguneko ekitaldi nagusia, atzo eguerdian. Olatz Egiguren eta asto Xakira nagusitu ziren Loiolako belardietan jokatuko proban

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Amaitu dira San Jose jaiak Loiolan eta beste behin, herritarrak eta ingurukoak ez dute hutsik egin bertako ospakizunetan. Atzo, San Jose Eguna, izan zen Loiolako jaien egun handia. Beste behin, jendetza gerturatu zen bertako belardietan jokatutako asto karrera ikustera.

Lau izan ziren parte hartu zuten astoak, Aitzol Arregirenak. Bi ahizpa eta bi anai izan ziren lehiakideak. Olatz Egiguren helmugaratu zen aurrena, 'Xakira' astoarekin. Beraren-tzat izan ziren lasterketako 90 euroak. Bigarren lekuan, nahikoa lan ibili eta gero -astoak pare bat aldiz bota baitzuen- Izaro Egiguren heldu zen helmugara, 'Braulia'-rekin. 70 euro eskuratu zituen bigarren postuagatik. Hirugarren lekuan (50 euro), Aitor Agirrezabalen 'Raikonen' sartu zen eta azkena, Unai Agirrezabal izan zen 'Maite' astoarekin. 30 euro jaso zituen laugarren sailkatuak.

Arratsaldean, herri kirolak izan ziren eta aurrez, besteak beste, haurrentzat marrazki lehiaketa edo mus txapelketa jokatu dituzte asteburuan. 48 margolarik hartu zuten parte marrazki lehiaketan. Mus txapelketan, Egoitz Aburuza eta Iosu Urdanpileta izan dira aurtengo txapeldunak. Beraiek jaso zituzten, pasa den ostiralean, irabazleen 350 euroak eta txapelak.