Itsasiren Arkupean emanaldiarekin amaitu da Azpeitia Dantzan egitasmoa
Hogeitabost dantzari eta hainbat musikari aritu ziren zuzenean dantza tradizionalak eta berriak uztartu zituen emanaldian
ELI AIZPURU
Asteartea, 19 uztaila 2022, 00:06
Itsasi dantza taldeak emanaldia eskaini zuen igande arratsaldean Soreasu antzokian. Hainbat eta hainbat herritarrek egin zuen hautua antzokiko freskuran dantza emanaldiaz gozatzeko. Saio bikaina eta koloretsua eskaini zuten Itsasiko kideek. Oholtzan, dantzariez gain, Itsasi euskal kultur taldeko ohiko musikariez gain, Juan Antxieta musika eskolako kideak ere aritu ziren. Zuzen zuzeneko doinuekin eta bestelakoekin uztartu zituzten oholtzan dantza tradizionalak nahiz modernoak. Ia ordu eta erdiz dantzan aritu ostean, goian utzi zuten zuten maila Itsasikoek.
Honekin bukatutzat ematen da Udalak antolatutako Azpeitia Dantzan egitasmoa. Uztailaren 2an hasi ziren saioak. Estreinako emanaldia Azpeitiko eta Azkoitiko dantzariez osatutako Sahatsa dantza taldeak eskaini zuen, 'Sahatsa Plazan' izeneko emanaldia, hain zuzen ere.
Uztailaren 10ean izan zen bigarren dantza saioa. Egun horretan, Dantzaki, Jose Mari Orbegozoren areto dantzen eskolakoek eskaini zuten emanaldia Soreasun.