Azpeitia
Irekita dago 2025-2026 ikasturterako Multikirol eta JolasHezi programen izen-ematea Azpeitian600dik gora ikaslek hartu dute parte aurtengo eskola kirolean eta hau kudeatzen duen Azpeskirola elkarteak lehen urtearen balorazio «oso positiboa» egin du
Eli Aizpuru
azpeitia.
Miércoles, 18 de junio 2025, 20:30
Azpeitiko Eskola Kirolak 2025-2026 ikasturteari begira jarri da jada. Hala, hurrengo ikasturterako Multikirol eta JolasHezi programen izen-emateari hasiera emateko aurkezpen ekitaldia egin dute Azpeskirola Azpeitiko Eskola Kirola eta Hezkuntza Elkarteko kideek. Bertan izan dira Ikasberri, Izarraizpe eta Iraurgi ikastetxeetako ordezkariak, guraso taldeak, eskola kiroleko hezitzaileak eta Azpeitiko Udaleko ordezkaria.
Azaldu dutenez, pasa ikasturtea izan da hiru ikastetxeek eskola kirola elkarrekin kudeatzeko elkartea sortu zutenetik lehen ikasturtea, eta egindako balorazioa «oso positiboa» izan da. Ikasturte honetan, 600 ikasletik gora aritu dira eskola kirolaren baitan, eta Eskola Kirol Planaren baitan finkatutako helburuak eta eginbeharrak betetzeko lehen urrats sendoak eman direla azpimarratu dute antolatzaileek. «Oraindik bada zer hobeturik, baina bide zuzenean goazela sinetsita gaude» azaldu du Mikel Segurola kirol hezitzaileak.
Eskola kirola azken hilabeteotan albiste izan bada ere, batez ere derrigortasunaren inguruan sortutako eztabaidengatik, elkarteko arduradunek adierazi dute euren ustez «fokua herriko gaztetxoen beharretara egokitutako kirol eskaintza egokiena egitean» jarri behar dela. Horretarako, herriko kirol eta bestelako eragileekin elkarlanean jardutea «funtsezkoa» dela azpimarratu dute, eta etorkizunean bide horretan sakontzeko asmoa adierazi dute.
Egitura eta prezioak, mantendu
2025-26 ikasturtean, eskola kirolak aurreko ikasturteko formatu bera mantenduko du: Multikirol programa: LH3, LH4, LH5 eta LH6 mailetako ikasleei zuzendua, 75 euroko kuotarekin; eta JolasHezi programa: LH1 eta LH2 mailetako ikasleei, 40 euroko kuotarekin. Ordutegiak ere aurreko urteko berberak izango dira.
Ikasturte berrirako berrikuntzak ere izango dira. Batetik, webgunean atal berri bat zabaldu dute, non Multikirol programaren onurak eta kirol hastapenari buruzko hausnarketak partekatuko diren. Bertan, artikulu eta esteka interesgarriak gehitzen joango dira, hezitzaileentzat, gurasoentzat eta ikastetxeentzat lagungarri izateko helburuarekin.
Bestetik, babesle sare berria ere aurkeztu dute. Hemendik aurrera, Azpeitiko Eskola Kirolak hainbat entitateren babesa izango du, eta horri esker zerbitzua hobetzeko baliabide gehiago izango ditu, familiei ahalik eta esfortzu ekonomiko txikiena eragiteko asmoz.
Izen-ematea, online
Izen-ematea Azpeskirolaren webgunearen bidez egin daiteke, eta horretarako beharrezko informazio guztia bertan aurki daiteke: https://azpeitikoeskolakirola.eus.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.