«Espresioari eta sormenari leku bat ematea da nire asmoa»

Ione Urrestilla Zuri hartz atarian, Erdikale 6an./E.A.
Ione Urrestilla Zuri hartz atarian, Erdikale 6an. / E.A.

Ione Urrestilla Zuri Hartz galeria eta arte eskolako arduraduna

ELI AIZPURUAZPEITIA.

Azpeitiar bat baino gehiago konturatuko zen honezkero Erdikale 6 zenbakian dagoen lokalaren erabateko eraldaketaz. Urrestilla denda, arropa denda izandakoa urte askoan, Zuri Hartz da orain. Bertako alabak, Ione Urrestillak, komertziante familiakoa izanik, erabateko bira eman dio eta arte galeria da orain. Izena da estreinakoz txokatzen duena: Zuri hartz. «Erlazio totemikoa» omen du hartz zuriarekin, dio Urrestillak. Hartz zuria animalia totemikoa da kultura askotan, naturaz gaindiko indarrak eta ezaugarri espiritualak dituen izaki bat. Hortik espazioari jarri dion izena, «gure barruarekin konektatzeko eta barruan daukagun hori kanporatzeko» lekua da Zuri hartz. Arte galeriaz aparte, arte eskola ere bada. Beheko solairuan erakusketa eta goikoan, eskolak emango dira. Bi hilabete pasa dira ateak zabaldu dituenetik eta barrura sartzeko, ikusteko eta lekuaz gozatzeko gonbidapena egiten du Ione Urrestillak.

- Nolatan zabaldu duzu arte galeria bat Azpeitian?

- Aurrez, Biurren (anaiak duen arropa dendan) ere erakusketa batzuk egin izan genituen. Komertziante familian egin izan dut lan baina beti izan dut ukitu hori, artera bideratuta (Arte Ederrak ikasketa burutu zituen eta Arte Eszenikoetan posgradua du). Denda utzi nuen eta azkeneko lan esperientzia Bilbon izan dut, arte klaseak ematen. Waldorf eskola baten egon naiz baita ere arteko irakasle gisa. Umeekin hasi nintzen Madrilen eta Troconizen jarraitu nuen. Lana eskaini zidaten han eta beraiekin egon naiz. Harrera oso ona izan nuen ikasleen aldetik eta hori ikusita, nere kabuz zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Hori nuen buruan. Waldorf eskola bat osatzea ere banuen biraka buruan, gaur egun dagoen pedagogia aurreratuena da eta bakarra dago Euskal Herrian, Araban. Biren artean Gipuzkoan osatzeko asmoa geneukan baina gauzak poliki zihoazen eta langabezian nengoen. Lokala banuen herrian eta eskolarekin eta galeriarekin aurrera egitea erabaki nuen.

- Amets bat bete duzu orduan?

- Aurretik ere saiakera batzuk eginda nituen. Buruan izan dut beti baina ez zuen ideiak aurrera egin. Hirugarren saiakera izan da. Arte munduko jende asko ezagutzen dut eta bila joan gabe, etortzen ari dira. Inguruko lagunak, lagunen lagunak... Gorka Larrañaga izan zen irekieran eta Aitor Etxeberria mendaroarra dago orain.

- Zer da Zuri hartz galeriak eskaintzen duena?

- Erregistro akashikoen formazioa eta bakarkako saioak izango ditugu. Asteburu honetan bertan biodantza eskainiko da eta harrera ezin hobea izan du gainera, beteta dago. Aurrera begira, ostiraletan, biodantza saioak izango ditugu eta horietan bai, eman daiteke izena. Gero, Aste Santua pasa ondoren, sormen eta espresio tailerrak izango ditugu, adin guztietako pertsonei eskainiak. Maiatzetik aurrera, bestalde, Thierry Biskari, Kalakan musika taldeko kide ohia, etorriko da astean behin kantuko eskolak ematera. Hiru hilabeteko ikastaroa izango da. Kundalini yoga ere izango dugu eta Aitor Etxeberria margolari eta eskulturgile mendaroarrak (momentuan galerian dagoen erakusketaren egilea) pintura ikastaroa emango du. Piskanaka-piskanaka ari gara agenda osatzen.

- Aurrera begira, zer espero duzu?

- Gazteak, umeak eta edozein adinko pertsonak gerturatzea eta espresioari eta sormenari leku bat ematea da nire asmoa. Eskoletan arlo txikia dute horretarako, eta espazio hori eskura izatea gustatuko litzaidake. Beraein garapenerako garrantzitsua da. Gero, salmenta ere gustatuko litzaidake baina arte eskola da nire proiektuaren oinarria, bestea osagarria da. Denborarekin agian. Taldeak osatzea ere laguntza handia litzateke. Horregatik ikastaroetan parte hartu nahi duten herritarrek edo euren lana Zuri Hartzen erakutsi nahiko luketen artistek ere zabalik dituzte galeriako ateak.