San Inazion egun jendetsua, beste behin

Loiolatarrek bizkarrean eraman zuten, ohitura den bezala, santua. Alboetan, herritar ugari, prozesioan. /  ARGAZKIAK ELI AIZPURU.
Loiolatarrek bizkarrean eraman zuten, ohitura den bezala, santua. Alboetan, herritar ugari, prozesioan. / ARGAZKIAK ELI AIZPURU.

Prozesioek, musika bandaren doinuek edota zezen txikiek hartu zituzten atzo herriko kaleak | Behin patriaren eguna igarota, gaur, San Inazio bigarrena ospatuko da Azpeitian, agintariei harrera eginez

ELI AIZPURUAZPEITIA.

San Inazio Eguna ospatu zuten atzo azpeitiarrek eta, ohi bezala, jende ugari gerturatu zen festetako egitarauan antolatutako hainbat eta hainbat ekitaldietara.

Goizean, 9:00etarako musika bandaren eta Izarraitz Txistulari taldearen doinuek esnatu zuten Azpeitia. Estreinakoz udal korporazio berria Parrokiaruntz abiatzeko prest zen hamarretarako. Handik atera bai-tzen zertxobait beranduago, urtero herritar askok eta askok espero ohi zuten prozesioa. Loiolatarrek patroia bizkarrean atera zuten herriko kaleetan zehar. Ezuste bat zela-eta -anbulantziak zeuden enparan kalean- moztu egin behar izan zuten ibilbidea eta Erdikaletik eta Elizkaletik igaro ostean, berriro Parrokiara sartu ziren. Behin han, Jose Ignacio Munilla gotzainak eta jesusen Lagundiko hainbat apaizek eskaini zuten meza. Nola ez, Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzeko kideen laguntzaz.

Behin elizkizuna amaituta, jende ugarik itxaron zuen beste behin udal korporazioa igarotzen ikusteko.

Donejakuen prest ziren 12:30ean Zezen Beltz elkarteko kideak zezen txikien entzierroari hasiera emateko. Danbatekoa entzun bezain pronto hasi ziren lasterka han zeuden gaztetxoak. Korrika egin eta gero, kalean bertan egokitutako zezen plazan zezetxoekin gozatzeko tartea izan zuten. Batzuk zezenekin entretenituta zeuden bitartean, Musika Banda hasia zen Sanagustin kulturgunean San Inazio kontzertuarekin.

Arratsaldean ere izan zen non gozatua. Haurrek jolas parkea izan zuten plazan eta zezen txikiekin ere jarraitzeko parada izan zuten gaztetxoek. Kirolak ere izan zuen tartea, Izarraitz frontoian, eta nola ez, ez zen musikarik falta izan.

Gaur, Saninazio bigarrena, festa nagusituko da berriro. 10:15ean, herriko agintariek harrera egingo diete Eusko Jaurlaritzako kideei eta korporazioan abiatuko dira Loiolara, bertan ospatuko den Meza Nagusira. Berriro ere musika, zezenak eta festa giroa nagusituko dira. Eguerdian, II. Gixau Txapelketaz gozatzeko aukera izango da eta goizaldera arte jarraituko du jaiak Los Pasai, Joselu anaiak edota La Mare eta Esne Beltza taldeen kontzertuekin, besteak beste.