Ikasturte amaierako jaialdia egingo dute Emakumeen Txokoko kideek

Hainbat emakume, gonbidapena egiten. / UDALA
Hainbat emakume, gonbidapena egiten. / UDALA

Ostiralean izango da, 18:30ean hasita, Sanagustinen

E.A.AZPEITIA.

Aurtengo ikasturtea azkenetara iristen ari da, eta Udalak eta Emakumeen Mahaiak ikasturte amaierako jaialdia antolatu dute. Helburua da ikasturtean zehar Emakumeen Txokoan garatu dituzten Jabetze Eskolako ikastaro eta ekimenetan parte hartu duten emakumeak elkartzea, beren esperientziak partekatzea eta egindako lanaren emaitza herriratzea. Jaialdia ostiralean, ekainaren 14an, izango da, 18:30ean hasita, Sanagustinen.

Jaialdia ostiralean bada ere, ikasturtean egindako lana hasi dira erakusten. Hala, hilaren 17a arte Sanagustinen emakumeek egindako eskulanak dira ikusgai.

Egitarauari dagokionean, 18:30ean 'Pakean dagoenari pakean utzi', Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen binakako umore bakarrizketa saioa izango da. 19:30ean, bertso poteo feminista dago. Julene Iturbe, Maddi Ayestaran eta Lierni Rekondorekin, plazatik hasita. Ondoren, 21:00etan, emakumeen afaria izango da eta gitarrarekin alaituko dute afalostea.

Afarirako txartelak

Afarira joan nahi duten emakumeek, aurrez erosi beharko dute txartela Emakumeen Txokoan.

Langileek 20 euro ordaindu beharko dute eta langabetu eta ikasleek, berriz, 10 euro. Informazio gehiagorako, 943 15 79 28 edo 943 15 70 55 telefono zenbakietara dei dezakete.