Ikasketak nazioartean egiteko dauden aukerak aztergai bihar, Basazabalen

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOAZPEITIA.

Ikasketak nazioartean egin ahal izateko dauden beka eta dirulaguntza deialdien inguruko solasaldia eskainiko du Ander Beristain azpeitiar hizkuntzalariak bihar, Basazabal jauregian, 18:00etan. Beristain Urbana-Champaignen (Illinois, AEB) kokatuta dagoen Illinoisko Unibertsitateko gaztelania, euskara eta hizkuntzalaritza irakaslea da. Azpeitiarrak Ingelesean eta Hizkuntzalaritzan du gradua, eta Hispaniar Hizkuntzalaritzan masterra. Gaur egungo globalizazioak munduaren ikuspegi zabalagoa izateko aukera ematen du. Ikasle askok aprobetxatzen dute unibertsitateko gradua egiterakoan atzerrira joateko Erasmus programarekin. «Behin hori eginda aukera gehiago ez dagoela uste izan arren, geroz eta laguntza zein aukera gehiago daude gradu ondorengo ikasketak herritik kanpora egiteko», dio Beristainek. Ander Beristain azpeitiar gazteak bere esperientzia zabala du gai honetan eta bere jakintza hori zabaldu nahi du herritarren artean; zein baliabide dauden, zein diren jaso ahal diren laguntza ezberdinak, zein baldintza bete behar diren eta abar.

'Ireki zaitez mundura' lelopean, interesa duen edozein herritarri bultzadatxo bat emateko prest dago. Hala, eskura jarriko du behar den informazio nagusia.