Hitzaldi ziklo berria aurkeztu du Munoaundi kultur elkarteak

Ostegunean hasi eta azaroaren 26a bitartean hiru ekitaldi antolatu ditu; estreinakoa Basazabalen izango da, 19:00etan

ELI AIZPURUAZPEITIA.

Herritarrei ikuspegi lokala zein kanpokoa helarazteko, hausnarketara eta aisialdira gonbidatuz eta osagai erakargarri bat izateko helburuarekin lanean dihardu Munoaundi elkarteak eta kurtso berri honetarako hitzaldi zikloa antolatu du. «Orain arte Munoandik antolatutako ekitaldiek arrakasta izan dute, eta eskerrak ematen dizkiegu herritar guztiei horregatik. Aurrerantzean ere, berauen interesa piztuko duten gaiak erabiliko ditugulakoan gaude», azaldu dute arduradunek ziklo berriaren aurkezpenean.

Begirada lokal zein global bat uztartu nahi da, «egunerokoan gertuago ditugun gaiak, urrutiago ikusi baina gugan eragin berbera duten beste batzuekin osatuz», azaldu dute. Hiru hitzaldi izango dira guztira. Bihar, hilaren 3an, izango da lehena. Basazabal jauregian, 19:00etan hasita. 'Gazteak, unibertsitateari. Unibertsitateak, gizarteari' izango du izenburutzat eta hizlariak Mari Jose Aranguren eta Miren Larrea azpeitiarrak izango dira, biak Orkestra Lehiakortasun Instititutuko partaideak, lehena zuzendari nagusia eta bigarrena ikertzailea. Onintza Segurola kazetariak aurkeztu eta gidatuko du ekitaldia.

Egitaraua

Bihar. Basazabalen, 19
00etan. 'Gazteak unibertsitateari. Unibertsitateak, gizarteari'.
Azaroak 7, osteguna. Sanagustin kulturgunean. 19
00etan. 'Azpeitiko idazleak: Mahai-inguru berezia'.
Azaroak 26, osteguna. Sanagustin kulturgunean. 19
00etan. 'Europar Batasunaren noraeza: bizimodu europarra ezbaian'.

Azaroaren 7an izango da bigarren ekitaldia, Sanagustin kulturgunean, 'Azpeitiko idazleak: Mahai-inguru berezia' izenburupean. Xabier Euzkitzek zuzendu eta dinamizatuko du. Antolatzaileek azaldu dutenez , partaideen zerrenda osatzen ari dira eta osatutakoan emango dute mahai-inguruan parte hartuko dutenen berri.

Azaroaren 26rako antolatu dute hirugarren ekitaldia, 'Europar Batasunaren noraeza: bizimodu europarra ezbaian'. Xabier Ezeizabarrena EHU- Zuzenbideko irakaslea eta Joxerramon Bengoetxea Eurobasque- Europa Kontseiluko idazkari nagusia izango dira hizlariak. Ignacio Arakistain herritarrak gidatuko du saioa.

'Gazteak, unibertsitateari. Unibertsitateak, gizarteari' lelopean, bihar izango da zikloko lehen hitzaldia, Basazabalen, 19:00etan hasita. Bertan gazteen partaidetza unibertsitatean landuko da eta Goi mailako ikasketek, gizartea sendotu eta ahalbidetzen al duten galdetuko da. Ikasketek onura indibiduala ala kolektiboa dakarten ere jorratuko da, besteak beste.

Horretarako, mahaian izango dira Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusia eta Ekonomia Katedraduna Deustuko Unibertsitatean eta Miren Larrea, Orkestra Lehiakortasun Institutuko ikertzailea.

Esperientzia zabala

Lehiakortasunean eta lurralde estrategian, klusterretan eta sareetan, eta politiken analisian eta ebaluazioan aditua da Mari Jose Aranguren. Gai horien inguruan liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu, nazioko eta nazioarteko eragin handiko aldizkari espezializatuetan. Esperientzia zabala du nazioko eta nazioarteko proiektuak gidatzen, aipatutako ikerketa eremuetan.

Miren Larrea Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaduna da eta Ekonomia Zientzietan doktorea, Deustuko Unibertsitatean. Hainbat artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan eta liburuetan, gai hauen inguruan: lurralde garapenerako sareak, tokikogarapen agentziak, gobernantza, politiken ikaskuntza (policy learning) eta kerketa-ekintza lurralde garapenerako estrategia gisa.