«Herri euskalduna, anitza eta parekidea garela erakuts dezagun festetan ere»

Azpeitiko hainbat eragile udal ordezkariekin batera, festen aurkezpeneko argazkian./E.A.
Azpeitiko hainbat eragile udal ordezkariekin batera, festen aurkezpeneko argazkian. / E.A.

Nagore Alkorta alkateak eta udal arduradunek, hainbat eragilerekin bat eginda, eraman dute aurtengo jaien aurkezpena

ELI AIZPURUAZPEITIA.

Gaurtik, festan murgilduko da Azpeitia. Jai egun ugari izango dira aurrera begira eta hori guztia antolatzeko esku asko behar da. Hori erakutsi nahi izan du Udalak, herritarren laguntza ezinbestekoa dela festak antolatzeko eta eragile desberdinekin agerraldia egin du herriko plazan. «Aurtengorako ere adin eta gustu guztietarako ekintzak antolatzen saiatu gara. Azpeitia anitza da, eta festak ere aniztasun horrentzat antolatu nahi izan ditugu», azaldu du Nagore Alkorta alkateak.

Alkortaren esanetan, festak herri baten «isla» direla esan ohi dute, eta saninazioetan ere «erakuts dezagun zein diren gure oinarriak eta baloreak. Erakuts diezaiogun munduari garena: etorkizunari irekitako herria, geurea dena maite duguna eta zaintzen duguna; herri euskalduna, anitza, parekidea, elkartasunez betea».

Azpeitian kultur, kirol eta gai sozialetan lanean ari diren talde ugari daude. Asko dira aurtengoan ere txupinazoa botatzea mereziko zuten taldeak, baina biri egokitu zaie. Saninazio bezperan, 75 eta 50 urteurrenak ospatzen dituzten Lagun Onak Futbol Taldea eta Odol emaileen elkarteak emango diete festei hasiera. «Azpeitiko benetako altxorra, horixe da herri eragileetan lanean ari diren taldeak, eta saninazioen hasieran ere hori izango dugu presente», esan du alkateak.

Puzzlea osatua

Alboan, gainerako herritarrekin batera, Mikel Odriozola Festetako Batzordeburua izan zuen agerraldian Nagore Alkortak. Festak antolatzea «puzzle» bat egitea bezalakoa dela azaldu zuen Odriozolak. Izan ere, «herriko eragile ugarik antolatu nahi izaten dituzte ekitaldiak egun horietan, eta hori egundokoa da. Udalari, guztiari forma eman eta osatzea egokitzen zaio. Beraz, ekintzen antolaketan ibiltzen diren guztiei gure esker ona adierazi nahi diegu».

Festa Batzordeburu berriak aurreko agintaldian lan horiek bete zituen Mikel Ibartzabal ekarri zuen gogora eta hari eskerrak eman, puzzlea osatzea errazagoa izan delako aurrez egindako lanarekin. «Agintaldi bat bukatu eta gurea hasi eta segituan dira festak, eta Ibarzabalek festak bideratuta laga zituen, eta hori eskertu behar diot», gaineratu zuen.

Ekintza nagusiak datorren astean hasiko badira ere, asteburu honetarako ere antolatu dituzte herriko eragileek ekintzak.

Datorren astean, uztailaren 25ean, Baserritarren Egunarekin emango zaie festei hasiera. Goizetik arratsaldera bitartean herriko plaza zentro hartuta hamaika ekintza izango dira, ohi bezala. Ostiralean deskantsatu ostean, larunbata eta igandea ere gogor etorriko dira. Zapatuan, preso, iheslari eta deportatuen eguna izango da eta eguerditik hasi eta gauera arte hainbat ekintza izango dira. Igandean, txikienen eguna izango da. Umeen Egunean haurrek eta erraldoiek izango dute protagonismo osoa. Eguerdiko dantzen ostean bazkaria egingo da eta arratsaldean ere jolas artean egingo dute festa. Eta honen guztiaren ondoren iritsiko dira saninazioak. Hamaika ekintzaz antolatutako hiru festa egun osoak izango dira jarraian. Uztailaren 30ean txupinazoak hasiera emango dio etenik gabeko hiru eguni. Festa inklusiboak, adin desberdinen nahi eta gustuetarako ekintzak, bertako zein bisitiarientzako modukoak, emakume zein gizonentzako, haur zein helduentzat. Guztientzako festak» antolatu nahi izan dituztela adierazi zuen zinegotziak. Eta jaiak herritarrok gozatzeko egunak izan ohi dira, baina batzuk ondo pasatzeko beste askok lan egin behar izaten dute. Haiek ere izan zituen gogoan zinegotziak eta «errespetua» eskatu zuen « han eta hemen lanean ari diren guztientzat».

Ildo horretan, Azpeitira lanera etortzen direnentzat aterpea prestatuko du Udalak. Deskantsurako, lo egiteko, egoteko eta dutxatzeko lekua eskainiko zaie eta baita gaua pasatzeko ere. «Gure asmoa da herrian pasatu behar dituzten lan egunak ahalik eta erosoen pasatzeko baliabideak eskaintzea», azaldu zuen Odriozolak.

Idoia Arrizabalaga zinegotziak azpimarratu du bestalde, saninazioak «denak gustura eta libre» ibiltzeko egunak izatea nahi dutela. «Festak harreman parekideak eta askeak eraikitzeko eta aniztasunetik gozatzeko espazioa izatea nahi dugu. Azpeitiko Udalarentzat lehentasunezkoa da diskriminaziorik eta erasorik gabeko herria eta festak eraikitzea».

Más