Goleatzaile eta jokalari onenei sariak banatuta amaitu du denboraldia Ikasberri K.E-ak

Bazkalostean zehar banatutako hainbat sari eta errekonozimendu eta Oñatzera igoera jokatu zuen txirrindulari taldea. / IKASBERRI K.E.
Bazkalostean zehar banatutako hainbat sari eta errekonozimendu eta Oñatzera igoera jokatu zuen txirrindulari taldea. / IKASBERRI K.E.

Loiola Hotelean izan zen ospakizuna eta aurretik Oñatzera txirrindulari igoera jokatu zuten

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Orain bai, ofizialki amaitu du denboraldia Ikasberri Kirol Elkarteak. Aste batzuk pasa dira denboraldia zelaietan bukatutzat eman zenetik, baina urtero bezala, Loiola Hotelean egin ohi duten bazkaria ospatu artean ez da kirol urtea amaitzen bertako partaideentzat. Eta hori pasa den zapatuan izan zen. 2017-18an Kirol Elkarteko familia osatzen duten taldeen lana goraipatzeko unea izan zen. Urtero legez, kirol elkartea osatzen duten zazpi neska mutilen taldeko jokalari onenei sariak banatu zizkieten. Horiez gainera, pilotariek ere izan zuten beren aitortza. Honela, Eneko Martija eta Oier Alkorta Euskal Herriko palazko txapeldunak izan zituzten gogoan. Baita Herriarteko gomazko paletan txapeldunorde izan den taldea ere, kirol ekarteko partaide batzuk izan baitira Azpeitiko taldean. Izan ere, estrainekoz jokatu da txapelketa eta azpitxapeldun izan dira.

Futbolarekin jarraituta, talde desberdinetako jokalari eta goleatzaile onenei sariak banatu zizkieten. Hona hemen sarituen izenak: Infantil nesken mailan, Ane Calerok jaso zuen goleatzaile onenaren saria eta Garazi Esnal izan zen jokalari onena. Infantil mutiletan, Cristian Cretuk jaso zuen goleatzaile onenaren saria eta Eñaut Agirrek, aldiz, jokalari onenarena. Kadeteen mailan, Eneko Larrañaga eta Josu Zubizarreta izan ziren sarituak goleatzaile eta jokalari onenak bezala, hurrenez hurren. Jubenil B mailan, Manex Rezabal izan da goleatzaile moduan aipagarriena eta Iker Gallaga jokalari onena. Jubenil A mailan, Sabin Azpiazu eta Oier Alkorta nabarmendu dira denboraldian zehar eta Erregional mailan, berriz, Dani Garcia eta Mikel Altolagirre saritu dituzte goleatzaile moduan eta jokalari erregularrena Iñaki Olaizola izan da.

Prefente mailako taldeak bizi izan zuen unerik bereziena sariak banatzerakoan. Izan ere, ez zen jokalari onena edo goleatzaile nabarmenena saritu. Horren lekuan, Luken Galarraga Arozena jokalariak jaso zuen talde guztiaren izenean oparia: 23 zenbakidun elastikoa. Galarraga, Preferente mailako Ikasberrik jokatutako azken partidak lesionatu zen eta errekuperazio bidean dago. Taldeak modu honetan animatu nahi izan zuen laguna. Bazkalostean zehar, Kirol Elkarteko kideek une bereziak bezain hunkigarriak ere bizi izan zituzten.

Batzorde aldaketa

Gainera, Ikasberri Kirol Elkartean batzorde aldaketa egingo da. Honela, orain artean kluba aurrera eramateko lana urte askoan hartu dutenei agur esan eta gazteei erreleboa emateko ordua iritsi da. Hori dela eta, egungo batzordeko kideakegin duten lanaren errekonozimendua jaso zuten eta batzordekide guztiei Mikel Sanjuanek egindako giltzak eramatekoa oparitu zieten. Era berean, Udalak ere -Estitxu Elduaien kirol batzordeburuaren eskutik- oroigarria eman zien.

Izan ziren errekonozimendu gehiago ere. Iñaki Amubieta, esaterako, zortzi urte luzez aritu da taldeak entrenatzen eta aitortza polita egin zioten. Beste aldetik, Alaiz Badiola izan zen beste protagonistetako bat urteotan egin duen lanagatik eta beti «prest izan delako kirol elkartearen zerbitzura edozer egiteko. Beti telefonoaren atzean, adi».

Amaitzeko, Juan Mari Ibarzabal eta Alberto Beloki argazkilariei oroigarri bana eman zieten «egindako lana eskertzeko». Jon Garate batzordeko kidea arduratu zen hauei sariak emateaz. Bera izan zen gainera, bazkaria baino lehen jokatu zuten Oñatzera igoera irabazi zuena.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos