Gijon taldearen aurka neurtuko da gaur etxean Juaristi ISB, 20:30ean hasita

Juaristik 79-70 irabazi zion Rioja Vega taldeari zilarrezko Leb ligako bigarren jardunaldian

E. A.AZPEITIA.

Juaristik 79-70 irabazi zion Rioja Vega taldeari igandean Azpeitiko kiroldegian jokatutako zilarrezko Leb ligako bigarren jardunaldiko partidan. Gora behera handiko neurketa izan zen asteburukoa. Juaristik markagailuan ihes egiten zuen, 15 puntuko aldea ere izan zuen, baina errioxarrak beti ere hurbildu egiten ziren. Atsedenaldira 40nako berdinketarekin iritsi ziren bi taldeak.

Bigarren zatian ere etxeko taldea indartsuagoa izan zen baina lan asko egin behar izan zuen garaipena lortzeko.

Bitik bi partida irabazi ditu jada eta itxura ona eman du taldeak, baina «oraindik ere gauza asko daude hobetzeko», klubaren esanetan. Emaitza honekin, Iñaki Jimenezen taldea Zilarrezko LEB Ligako lehen postuan da, beste hiru talderekin berdinduta.

Gaur beste aukera bat du Iraurgiko taldeak tinko jarraitzeko bere ibilbidean, Azpeitiko Kiroldegian Gijon taldea hartuko du. 20:30ean hasiko da lehia eta zaleen babes eta bultzada «ezinbestekoa» izango da aurkari zuzen baten aurka.

Hurrengo jardunaldia asteburuan izango da; hain zuzen ere, Ponferradan jokatuko du neurketa ISBk igandean, 19:00etan.