Gidari izatearen urduritasuna eta festarako gogoa bat eginda

Edurne Arruabarrena (JulianBarrenetxea), Xabi Borda (Gure Ametsa), Begoña Orbegozo (Gastadoreak), Ivet Astiazaran (Zezen-zaleak) eta Iraitz Olaizola (Arrantzaleak). / FOTOS E. A.
Edurne Arruabarrena (JulianBarrenetxea), Xabi Borda (Gure Ametsa), Begoña Orbegozo (Gastadoreak), Ivet Astiazaran (Zezen-zaleak) eta Iraitz Olaizola (Arrantzaleak). / FOTOS E. A.

Helduen danborradak bost zuzendari berri izango ditu bihar | Aitaren lekua hartuta, duela 10 urte eta gero berriro rolean izateagatik, gustuko dutelako edo hala suertatu delako, estreinakoz jarriko dira bost lagun taldeari begira

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Amaitu dira entsaioak. Hiru egunetan zehar helduen eta txikien danborradako partaideek, musika bandaren laguntzarekin, danbor hotsez bete dute herria. Dena prest dago egun handirako. Goruntz begira daude jada azpeitiarrak. Ea eguraldiak lagunduko duen. Horixe baita festa bertan behera utziko lukeen arazo bakarra, eta bera ikaragarria beharko litzateke. Euri pittin batek ez baititu azpeitiarrak atzera botako. Eguraldia ez dago, ordea, festarako gogoa duten 1.400 protagonisten esku. Horregatik, ahalik eta ondoen ikasi dute egin beharrekoa, doinuak barneratu dituzte eta ez dago atzera bueltarik. Biharkoa gau garrantzitsua izango da. Ilara koloretsu horretan, denetarik izango da: emakumeak, gizonezkoak, senar-emazteak, ahizpak, anaiak, bikoteak...26 talde dira guztira, historia eta istorio desberdinekoak. Bitxikeria ugari topatu ahal izango dira talde horien guztien artean, inolaz ere. Zuzendari lanak har-tzeko hautua egin duten bost pertsonen kasua da horietako bat. Hala, Iraitz Olaizolak (Arrantzaleak), Xabi Bordak (Gure Ametsa), Begoña Orbegozok (Gastadoreak), Ivet Astiazaranek (Zezen-zaleak) edo Edurne Arruabarrenak(Julian Barrenetxea) beren taldeak gidatuko dituzte danborradan. Urduritasuna, festarako gogoa eta ardura, denak batera dituzte. Danborrada nola biziko duten jakin nahi izan dugu.

Edurne Arruabarrena

«Duela hamar urte atera nintzen azkenekoz zuzentzen»

Edurne Arruabarrenak aurten hartu du Julian Barrenetxea abesbatzaren taldeko gidaritza baina ez du lehen aldia. Duela hamar urte ere eginkizun horretan aritu zen. Ez da beraz, nobedadea berarentzat. «Taldean rotazioak egiteko ohitura daukagu. Zuzendari lanak azkenekoz bete zituenak danborra jotzeko gogoa zuen eta norbait falta genuen, beraz, animatu egin naiz». Azken hamar urte hauetan danborra jo-tzen atera da eta piezak barneratuta ditu. Gustukoena zein duen galdetuta, ez du inolako zalantzarik, 'San Sebastian Martxa'. Aldiz 'Goizeko izarra' da berarentzat «piezarik zailena, gehiena kostatu zaidana behintzat», dio.

Begoña Orbegozo

«Afari baten hitz eman nuen eta hemen nago, zuzendari»

Begoña Orbegozok gastadoreen taldea gidatuko du. Afari baten ondorioa da berak zuzendari lanak hartu izana. «Afari baten hitz eman nuen zuzendari izango nintzela eta orain hitza bete behar». Honela hartu du gidaritza eta hori dela eta hilabete darama entseatzen. «Seme-alabak Musika Eskolan dabiltza eta haiek ere asko lagundu didate». Badu esperientzia danborradan, izan ere badira sei edo zazpi urte danborra jotzen atera ohi dela. Hala ere, zuzendari izatea «oso desberdina» dela dio. «Denen aurrean jarri behar zara, ardura gehiago daukazu eta ez zaude ohituta denak zuri begira egotera eta horrek urduri jar-tzen zaitu». Ez du dudarik egiten Begoñak piezarik gustukoena azaltzerako garaian eta 'San Sebastian Martxa', dio. Aldiz, zailena edo gutxiena gustatzen zaiona 'Goizeko Izarra da', azaldu du.

Ivet Astiazaran

«Duela urte batzuk aipatu nuen taldean zuzendari lanak gustuko nituela»

Ivet Astiazaranek «beti» izan du zuzendari ateratzeko gogoa. Bokazioa edo antzerako zerbait da berea. Izan ere, duela urte batzuk -bost urtean danborra jotzen atera da- afari baten zuzendari izatea gustatuko li-tzaiokela aipatu zuen eta aurten Zezen-zaleak taldeko zuzendariak «ezbehar bat izan du eta ezin duela eta nerekin kontatu dute». Bere esanetan, entsaiora danborra jotzera etorri edo zuzendaria izan «ikaragarrizko aldea» dago. «Denak zuri begira dituzu eta presioa bestelakoa da. Hasieran gaizki pasa dut baina gero 'trukoa' hartu diodanean, zertxobait hobeto egin dut», azaldu du. Eguraldia da bere kezketako bat. «Ez dut uste eguraldiak lagundu digunik baina ea ondo pasatzen dugun. Saiatu saiatuko gara», azaldu du. Falta diren orduetan entseatzen jarraituko du. «Piezak entzuteak asko laguntzen dit-eta», esan du.

Iraitz Olaizola

«Aitaren lekua hartzea ardura handia da niretzat»

Iraitz Olaizolak Arrantzaleak taldea zuzenduko du aurten estreinakoz. Izan ere, iaz aitak, Bittor Olaizolak, azkenekoz gidatu zuen taldea, 50 urte bete zituenean. Bere lekua hartuko du semeak eta «ardura handia» du bere gain. «Lana ondo egitea nahi duzu. Jende askoren menpean zaude. Aitaren ondorengoa ez izanda ere, ardura izango zen baina kasu honetan, aita aurretik hainbeste urtean zuzendaria izanda , ahalik eta ondoen egitea nahi duzu». 33 urte ditu Iraitzek eta gezurra badirudi ere, jada 25 urte ditu danborradan «zazpi urterekin hasi nintzen zuzendari txiki bezala». Hori dela eta «ohitu ez zara egiten -dio- «baina badakizu nondik nora doan egin beharrekoa». Esperientzia du beraz zuzendari berriak. «Agurra urtero ez da jotzen, jolas asko ditu, atabalekin edo danborrekin jo. 'Txokolo'ren kasuan, berria da eta bi horiekin agian 'liatu' naiteke baina besteak menderatzen ditut», azaldu du. Gustukuena 'Goizeko Izarra' dela dio baina 'San Sebastian Martxa'k sortzen dit sentimendu gehien» azaldu du. Aurrez aipatutako piezak «zailagoak» egiten zaizkio agian baina «ez dago gustatzen ez zaidan piezarik», dio.

Xabi Borda

«Ez da ezer berezirik behar zuzendari lanetan aritzeko»

Xabi Bordari aukera sortu zaio zuzendari ateratzeko Gure Ametsa sukaldarien taldean. «Gaztetan ere zuzendari atera izan naiz eta ilusioa egin zidan proposamenak», dio. Bere ustez, «ez da ezer berezirik behar» lan horretarako, «ni irtetzen banaiz ez da ezer berezirik behar!», dio barrez. Piezarik gustukoena 'Soreasuko Sebastian' eta 'Mandioko Polka' ditu. «Azken hau gu umeak ginela estreinatu zen. Zuzendari txiki nin-tzen orduan eta 'kariño' handia diot kanta horri». «Aste osoa» darama Bordak entseatzen egun handirako. «Diskoa jarri eta aritzen naiz», dio.