Gaurko Karting eta Minimotard erakustaldia bertan behera geratu da

AZPEITIA.

Alde Zaharreko Tabernarien elkarteak antolatuta, Azpeitiko 6. Karting eta Minimotard erakustaldia ziren egitekoak gaur, larunbata, baina eguraldi txarra dela- eta, antolatzaileek bertan behera utzi dute hitzordua. Antolatzaileek aurreratu dutenez, irailaren 21-22ko asteburura atzeratuko dute Perez Arregi plazan eta Damason egiten duten motor festa.

Dena den, gaur, Saninazio jaien atarian preso, iheslari eta deportatuen eguna izango da eta aurreikusitako gainerako egitarauak bere horretan jarraituko du. Honela, 12:00etan, Kimura Judo klubekoen erakustaldia izango da. Plazan egingo dute saioa baina euria eginez gero, Azoka Plazara aldatuko da. Ordu berean, mural margoketa egingo da Erdikalean. 19:00etan, manifestazioa abiatuko plazatik, Sarek deituta. Ondoren, 21:30ean afaria eta ekitaldia egingo dituzte, azoka plazan.

Amaitzeko, kontzertuak izango dira txosnetan: 'Tximeleta erromeria' eta 'Gorpuzkingz'.

Barraka eguna

Azkenik, Udalak haurren barraka eguna astelehenean izango dela aurreratu du, hilaren 29an. Egun horretan, 16:30etatik aurrera bidaia bakoitza euro baten truke izango da. Gainontzeko egunetan, bidaia bakoitzak 2€ko prezioa izango du eta 7 bidaiako bonoak, 10€.