Euskaraldiko bi hamaikakoen aurkezpena egingo da bihar, plazan

18:30etatik aurrera izango da ekitaldia eta herritar guztiak gonbidatu nahi dira

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Azpeitiarrak ere bat egin dute Euskaraldia egitasmoarekin. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Elkargoak eta Topaguneak sustatu dute . Azpeitian, hainbat eragile eta norbanako ari dira lanean Euskaraldia antolatzeko, Azpeitiko Udalaren eta UEMAren laguntza eta babesarekin.

Herriko aurpegi ezagunek bat egin dute proposamenarekin. Hori dela eta, Azpeitian bi hamaikako aurkeztuko dituzte bihar, ekainaren 22an, 18:30etik aurrera, plazan. Bi hamaikako horiek osatuko dituzte Euskaraldiaren joko-zelaiko lehen taldeak, beraiek izango dira lehen Ahobiziak eta Belarriprestak. Kulturako, kiroleko, hezkuntzako, arlo sozioekonomikoko, komunikazioko... pertsonak izango dira protagonista lehen kolpe honetan. «Haiek hartuko dute testigua; ondoren, herritar guztiak anima gaitezen euskararen alde gure ohiturak aldatzera», azaldu dute antolatzaileek. Horregatik azpeitiar guztiak gonbidatu nahi dituzte aurkezpenera. «Txikitik handira» eragina sortu, «norbanakoen ohituretatik hasi, eta mundua aldatu. Hori proposatzen du Euskaraldiak, gure eguneroko ohiturak aldatzen hastea», Euskal Herrian euskaraz gehiago egiteko.

Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, Azpeitian ariketa bat proposatzen dute, hizkuntza ohiturak astindu eta mota guztietako harremanetan euskara gehiago erabiltzea. Helburua euskararen erabilera areagotzea da, hau da, «euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz aritzea».

Ahobizi eta Belarriprest figuren bidez egingo da ariketa. Ahobiziek euskaraz egingo dute beti lehen hitza, eta euskaraz hitz egingo diete hizkuntza ulertzen duten guztiei. Belarriprestak izango dira, euskaraz ez dakiten arren, ulertzen dutenak; edo euskaldunak izan arren, erdaraz hitz egiteko joera dutenak, eta hori aldatzera animatzen direnak. Haiek bidea irekiko diete euskaldunei, eta eskatuko dute beraiei ere euskaraz zuzentzeko. Horrela, bi norabideetako elkarrizketei zilegitasuna ematea da helburua.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da Euskaraldia Euskal Herri osoko udalerritan. Ekimen honen helburua euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzea da. Funtsean, Euskaraldiaren xedea 11 egunez euskara era aktiboagoan erabiltzea da, ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan dezan.

 

Fotos

Vídeos