Euskal pentatloia berreskuratuko du Azpeitiak ia 30 urteren ostean

Arria V.a, Txapartegi, Zelai, Maiza, Zaldua eta Arria VI.a, zezen-plazan egindako aurkezpenean. /  UDALA.
Arria V.a, Txapartegi, Zelai, Maiza, Zaldua eta Arria VI.a, zezen-plazan egindako aurkezpenean. / UDALA.

Datorren irailaren 29an izango da, 22:00etatik aurrera zezen-plazan. Azkena 1990ean egin zen

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Euskal pentatloia, bost kirol desberdinez osatutako lehia, azkenekoz 1990ean jokatu zen Azpeitiko zezen-plazan. Jose Mari Olasagastik irabazi zuen eta 27 minutu, 20 segundo eta 8 ehuneneko behar izan zituen lana burutzeko. Aurretik, beste bi irabaziak zituen dagoeneko; 1983an eta 1984an ere txapeldun izan zen Igeldokoa. Aldiz, Arria II.ak irabazi zuen 1982koa, eta Anjel Arrospidek, 1985ekoa. Beraz, Olasagasti da garaipen gehien lortu dituenak. Oraingoan, berak egindako lan berberarekin berreskuratuko da pentatloia, 28 urte geroago.

Irailaren 29an izango da hitzordua, 22:00etatik aurrera. Honakoa izango da bete beharreko lana: 25 aldiz 100 kiloko bola jasotzea; gizon proban bi plaza osatzea 400 kiloko harriarekin; kana-erdiko hiru enbor moztea; 50na kiloko txingekin sei plaza osatzea; eta 3 kilometroko korrika saioa betetzea, azkenik.

Zezen-plazan izango da hitzordua aurten. Horretarako, hondar azpian ezkutatuta izan ohi den proba tokia azaleratu eta prestatuko dute egunerako.

Hiru hilabeteren faltan, dagoeneko kartela ere erabakita dago. Bertan izango dira Xabier Orbegozo Arria V.a (Errezil), Haritz Azpiazu Arria VI.a (Azpeitia), Luis Txapartegi (Aizarna), Jon Ander Maiza (Andoain), Jon Gisasola Zelai (Mallabia), Xabier Zaldua (Zumarraga) eta Alex Txikon (Lemoa).

 

Fotos

Vídeos